Domekan egingo dituzten hauteskundeetan "epika gutxi" dago jokoan, Iñaki Galdos analista oñatiarraren esanetan: "Nahiko garbi dago zeinek gobernatuko duen. Gobernua errepikatu egingo da eta jokoan dagoena da ea gobernu berriak gehiengoa osoa edukiko duen edo ez. Bigarren maila batean, jokoan egon daitezke gobernua osatzeko orduan EAJren eta alderdi sozialistaren artean izango diren barne orekak", dio.
Garitanok, bestalde, uste du jokoan dagoena dela "orain arte egon diren aldaketa sozialek eta politikoek eraginik izango ote duten eta benetako aldaketa bat egongo ote den". Bere esanetan, Zaldibarko krisiak, osasun krisiak eta Osakidetzako EPEen iruzur kasuek izan beharko lukete eragina domekako hauteskundeetako emaitzan, "baina orain arte beste hainbat kasutan moduan, komunikabideen eta botere ekonomikoen eragina ekidin egin dute, hori jakina da", gaineratu du.
Galdosek uste du atzera begira baino gehiago aurrera begira emango dutela botoa herritarrek. "Pandemiaren krisiaren kudeaketa nahiko ondo baloratzen dute herritarrek, inkesten arabera. Zaldibarko krisiari dagokionez, gauza bat da kritikoa izatea krisian Jaurlaritzak eduki duen jokaerarekiko, baina beste gauza bat da hori ze puntutaraino den erabakigarria botoa ematerakoan. Iraganeko kontuek garrantzia dute, noski, baina sekulako pisua izango du krisiari aurre egiteko konfiantza zeinengan duten herritarrek. Hau da, botoa etorkizunera begira emango dutela uste dut".
Gehiengo absolutua jokoan
Domekan jokoan dagoen beste gai bat da EAJk eta alderdi sozialistak gehiengo absolutua lortuko duten ala ez. Galdosek ez du zail ikusten aukera hori. "Ez dugu ahaztu behar, duela lau urte, azken kontaketan, hauteskunde egunetik bi egunera, EAJtik EH Bildura pasatu zela eserleku bat. Orduan ere ez zuten urruti izan gehiengo absolutua. Inkestak EAJrekiko oso onak dira, baina ez dakit horrenbeste gora egiteko aukera duenik. Alderdi sozialistak sekulako porrota hartu zuen azken hauteskundeetan, baina orain goraka doala esango nuke. Beraz, EAJ dagoen moduan geratuta ere, alderdi sozialistak eserleku bat gehiago lortuta, gehiengo absolutua haiena da".
Garitanok ere "oso posible" ikusten du EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua lortzea. "Bana horrek ez lioke gehiengo sozialari erantzungo. Alde batetik, gehiengo soberanista egongo litzateke eta, bestetik, gehiengo ezkertiarra, eta parlamentuak horri erantzun beharko lioke. Jeltzaleen eta sozialisten artekoa komenentzia bikotea da. Edozein kasutan, posible eta zilegi da".
GARITANO: "DUDARIK EZ DUT ABSTENTZIOAK GORA EGINGO DUELA; JENDEAK BELDURRA DAUKA ORAINDIK"
Alternatiba errealik ez
Jeltzaleen eta sozialisten arteko gobernuaren alternatiba posible dela dio bergararrak. "Hala ere, interesak jartzen dituzte aurretik, eta ez parlamentuan agertuko diren indar korrelazioak". Miren Gorrotxategik ezkerreko hiru alderdien gobernua jarri du mahai gainean. "Iritzi hori oso errespetagarria da, baina Idoia Mendiak argi eta garbi esan du ezker abertzalearekin ez duela ezer jakin nahi. Bi ez dira ezkontzen batek ez badu nahi. Alderdi sozialistak apustua egin badu jelkideen makulua izateko, hala egingo dute, baina parlamentuak ez du hori islatuko", nabarmendu du.
Oñatiarrak azaldu du alderdi politikoek baztertu dutela aukera hori eta, beraz, ez dagoela alternatiba errealik. "Nafarroan, adibidez, alderdi sozialista EH Bildu eta Geroa Bai baino gorago geratu zen hauteskundeetan, eta hemen EH Bildu PSE-EE baino gorago geratuko da. Alderdi sozialistak, orain arte, sekula ez luke koalizio abertzaleko hautagai bat presidente jarriko eta EH Bilduko hainbat boto-emailek ere ez lukete begi onez ikusiko akordio hori, baina, etorkizunera begira, badirudi urrats gehiago egiten ari direla bi alderdi horiek".
EAJ eta EH Bildu elkarrekin?
"Oso garbi" dago "ezinezkoa" dela momentu hauetan EAJren eta EH Bilduren arteko gobernu bat, Galdosen esanetan. "Sekulako borroka dago hegemoniaren bila. Gainera, lehen eta bigarren indarrak dira. Gobernu abertzale bat izatearen ametsa jende askorena da, baina, gaur-gaurkoz, hipotesi moduan planteatu ere ez da egiten aukera hori".
Garitanok, berriz, ez du uste "EAJn agintzen dutenek" nahi dutenik EH Bildurekin gobernua osatu. "Gehiengo subiranistari erantzun nahi baliokete, hala beharko luke izan, baina Urkulluk, Ortuzarrek eta konpainiak ez dut uste gehiengo independentista baten alde egiteko asmorik daukatenik, nahiz eta alderdi egunean edo mitin batean halakoak esan. Ezin da ukatu EH Bildu bigarren indarra dela, Gipuzkoan eta Araban lehen indarra izateko aukera daukala. Beraz, aukera hori aurrez ukatzea ez da oso demokratikoa".
GALDOS: "GOBERNU ALDAKETARAKO AUKERARIK EZ BADA, BOZKATZEARI UZTEN DIOTE ASKOK"
Voxek eserleku bat lortuko du?
Galdosek ez du baztertzen eskuma muturreko alderdiak eserlekua eskuratzerik. "Hauteskunde lege honekin, oso boto gutxiren aldeak eserleku aldaketa eragin dezake. Arabako eserlekuak oso merkeak dira, boto gutxirekin eserlekua lortzeko aukera egon izan delako historikoki. Beraz, eserleku bat lortu dezakeela uste dut".
Garitanok, berriz, ez du uste ordezkaritzarik lortuko duenik. "Bere kanpaina probokazio hutsa izan da eta, azken finean, zarata atera behar du presente egoteko, nahiz eta benetan daukan presentzia baino gehiago eman dioten komunikabide batzuek. Hala ere, euskal jendarteak ez du faxismorik onartzen eta parodia patetikoa izan da haien kanpaina. Horren erakusle dira Donostian edota Oñatin egindako ekitaldiak. Herritarren tentsioa bilatzen dute, eta komunikabide handietan azaltzea. Baina horrek ez dauka jendarterengan eraginik". Galdosek bat egin du azken horrekin. "Vox oso gustura ibiltzen da saltsa horretan, eta zenbat eta zarata gehiago eragin, orduan eta hobeto da haientzat, hori bilatzen dutelako", nabarmendu du.
PP eta Ciudadanosekin zer?
Alderdi popularrarentzat "oso inportanteak" dira hauteskunde hauek, Galdosek dioenez, Madrilera begira, gehienbat. "Alde batetik, estrategia erradikal bat daukate EAEn, eta beste estrategia bat, aldiz, Galizian. Nuñez Feijoo moderatuagoa da, ez du Ciudadanosekin batu gura izan. Beraz, Galizian emaitza onak eskuratzea eta hemen Iturgaitzek jipoia hartzea arazo handia izango da Casadorentzat, bera izan delako estrategia erradikala martxan jarri duena. Hala, Espainiako alderdi popularrean aldaketa handiak eragin ditzakete domekako hauteskundeek".
Bergararrak dio ezkontza horrek ez duela fruiturik emango. "Alde batetik, oso hautagai makalak aurkeztu dituztelako eta, bestetik, EAJ delako PPren boto xurgatzailea, boto praktikoagoa dela erakusten duelako edo erakutsi nahi duelako, behintzat. Beraz, uste dut PPk eta Ciudadanosek asko sufrituko dutela hauteskunde hauetan".
Kanpaina, ezohikoa
Ezohikoa izan da kanpaina eta halakoak izango dira hauteskundeak ere. "COVID-19ak asko mugatu du kanpaina. Baina, bestalde, apatia sumatzen dut eta hori ez da koronabirusagatik bakarrik, beste hainbat faktore ere badaude", dio Galdosek.
Garitanok "herritarren aldentzea" nabarmenduko luke. "Beste gauza batzuetan pentsatzen ari direlako momentu hauetan; osasun, ekonomia edo lan kontuak, esaterako. Ez dut uste jendeak kanpaina jarraitu duenik. Oso arraroa izan da, pasio gutxikoa. Ez da mitinik edota karabanarik egon, telebistako debate xume batzuk bakarrik", azpimarratu du.
Hauteskundeak orain egiteari buruz, berriz, erabat kontrakoak diren iritziak dituzte Galdosek eta Garitanok. Lehenari dagokionez, hauteskundeak orain egitearen alde egon izan da hasieratik. "Beti esan izan dut, eta horri buruz artikulu bat ere idatzi nuen, gauza bat dela hauteskundeak deitzea eta beste bat hauteskundeak egitea. Uste dut normalagoa dela orain egitea, udazkenean baino. Esango nuke asmatu egin dutela horretan. Oposizioa alferrikako gerra batean sartu zen, nahiko normala delako orain egitea, parlamentua ere deseginda dagoelako eta momentua delako horretarako. Izugarrizko aurreikuspen apokaliptikoak egin zituen oposizioko zati batek eta sekulakoak esan zituzten lehendakariagatik. Hala ere, guztia normal joan da orain arte".
Kazetariak, ordea, uste du hauteskunde hauek "une txarrean" datozela. "Ez da oso arduratsua izan data mantentzea nahi eta nahi ez, pandemiaren erdian, gaixoak daudenean eta jendea hiltzen ari denean. Uste dut urrira arte aise eutsi ziezaiokeela Eusko Jaurlaritzak, eta ordura arte lanean jarraitu. Bestalde, oso arraroa egiten zait gainontzeko alderdiek esatea gobernuari eusteko eta EAJ tematzea hauteskundeak lehenbailehen egitearekin. Horrek herritarrekiko errespetu falta adierazten du".
Abstentzioaren gorakadaz
Galdosen arabera, hauteskunde hauek ez dira "oso motibagarriak" izango askorentzat. "Gobernu aldaketa baterako aukerarik ez dagoenean, jende askok bozkatzeari uzten dio. EAJren inguruko herritar askok pentsatuko dute dena eginda dagoela eta oposizioko askok ere pentsatuko dute ez dagoela zereginik. Gauzak asko aldatzen dira gobernu aldaketa bat jokoan dagoenean".
Halaber, abstentzioak gora egingo duela garbi dauka Garitanok. "Ez daude baldintza normalizatuak, eta emaitzak ere ez dira halakoak izango. Gakoa da zenbat herritar mugituko diren baldintza horietan bozkatzera, jendeak beldurra daukalako, eta normala delako nahi ez izatea".