Kurtzebarrira joan-etorri azkarra hilaren 18an

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 10a, 18:00
Amillena taldeko kide Jon Iriarte, Urkulu gainean hegan, Kurtzebarritik salto eginda.

Euskal Herriko Oinez eta Hegan txapelketaren hirugarren edizioa egingo dute uztailaren 18an Aretxabaletan. Orain arteko proba gogorrena izango da: pilotuek Kurtzebarriraino (1.112 metro) igo beharko dute, eta gero, herrira itzuli.

Debagoieneko Amillena parapente taldeak eta Euskal Aire Kirol Federazioak elkarlanean antolatu duten hitzorduak arrakasta polita izan du. "Orain arte egindako proben artetik Aretxabaletakoa izango da gogorrena. Orain artekoetan gainditu beharreko desnibela ez zen horren handia; horregatik, uste genuen bestetan baino jende gutxiago animatuko zela. Eta alderantzizkoa gertatu da, uztailaren 18an ia 18 lagun batuko dira irteera puntuan", dio antolaketa taldeko Aritz Oiangurenek.

Txapelketa hori lehenengoz egingo dute Debagoienean, nahiz eta lehenago ere halako lasterketak egin izan dituzten bailaran: "Gogoan dut Aloñako Igoerako edizio batzuetan parapenteko lasterketak ere egin izan dituztela. Egun, Oñatiko lasterketak ibilbide luzea du, baina lehenago Aloñara igo eta jaitsi egiten ziren mendi lasterkariak, eta orduan, parapente pilotuek Urtiagainen hasten zuten lasterketa, eta ondoren, parte hartzaileak Belarren hasten ziren beherantz hegan".

Ia 900 metroko desnibela

Hala, hilaren 18an egin beharreko lana ez da makala izango: parte-hartzaileek Aretxabaletatik Kurtzebarrira igo beharko dute –norberak aukeratuko du ibilbidea– eta handik pilotuak Otala Zelairaino jaitsi beharko dira hegan. "Hegan dabiltzan bitartean ere pilotuek ibilbide konkretu bat bete beharko dute, puntu konkretu batzuetatik igaroz, eta lur hartu eta gero material guztia batu eta Aretxabaletaraino jaitsi beharko dute: batzuk oinez joango dira, eta azkarrenak korrika. Hala, badira bizpahiru lagun oso sasoi onean daudenak; horiek ahaleginduko dira goraino korrika joaten, eta gainontzekoek beste martxa baten egingo dute behetik gorako bidea".

Izan ere, parapente pilotuak ez daude horren ohituta halako lasterketak egitera; hau da, ez dira mendi lasterkariak: "Badira oso gorputzaldi onean daudenak, mendian asko ibiltzen direnak eta ekipo oso arinekin, halako hegaldiak bilatzen dituztenak. Baina parapente horiek ezaugarri konkretuak izaten dituzte, eta gehienek ekipo pisutsuagoak eramango dituzte bizkarrean. Batez beste, 15 kiloko motxila eramango dute aldean". Izan ere, parapentearekin batera jarlekua bera, kaskoa, lokalizazio gailuak... Materiala pilatu egiten da eta aukeraketa egokia egitea ezinbestekoa da.

Eguraldiaren menpe

Antolatzaileen asmoa da goizean egitea lasterketa, baina parapentean ibiltzeko baldintza meteorologiko konkretuak behar dituzte, eta oraindik goiz da iragarpen zehatzak egiteko: "Aurreikuspenak askorik aldatzen ez badira, asmoa da lasterketa 11:30 aldera hastea. Eta ikusteko dago herriko plazan edo Portasolen hasiko dugun lasterketa, asteburu horretan auzo horretako jaiak ere badira eta. Detaile horiek astean zehaztuko ditugu, badugu horretarako denbora".

Gorako ibilbidea, libre

Uztailaren 18an egingo duten lasterketan, parapente pilotuek Kurtzebarriraino igo beharko dute, eta han probako lehenengo kontrola pasa beharko dute –beste hainbat kontrol izango dituzte ibilbidean zehar–. "Seguruenik, lasterketa korrika hasiko dute denek, sikiera herri barruko lehenengo metroak egiteko, baina gero, gutxi batzuek egingo dute behetik gorako bide gehiena korrika", dio, umorez, Aritz Oiangurenek. Hala, lasterketara begira antolatzaileek ez dute ibilbiderik zehaztuko. "Hori estrategiaren parte ere bada. Urkulun gora egiten duenak bide motza izango du, baina malda gogorra izango du zain; kontrara, ohiko bidea aukeratzen duenak bide luzeagoa egin beharko du", dio Oiangurenek. "Bakoitzaren esku dago bidea aukeratzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak