Beñat Rezusta: "Poliki-poliki, jendea badabil frontoietara gerturatzen"

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 10a, 14:00
Beñat Rezusta, aste barruan Bergaran.

Aspaldian izan ez dituen giharretako minak izan ditu Beñat Rezustak frontoira itzuli denean, eta eskuetan ere igarri du konfinamendu sasoia. Normala da, pilotari guztiak –eta eliteko kirolariak– ari dira prozesu beretik pasatzen. Baina bigarren jardunaldirako atzean utzi ditu minak, eta sentsazio onak ditu. Batzuei besteei baino gehiago kostako zaie lehengo joko erritmora bueltatzea. Oraingoz, Beñat Rezustak eta Iñaki Artolak Master Caixabankeko ligaxkako bi partiduak irabazi dituzte.

Zer moduz zaude, Beñat?

Egia esateko, ondo nago. Txapelketa berri baten hasieran gaude, bi jardunaldi baino ez ditugu jokatu, baina ondo gaude. Egia da aurretik ere hainbat entrenamendu saio egin ditugula, eta hasieran igarri genuela geldi egon izana: eskuko mina... giharretakoa... Baina bi jardunaldi jokatuta sentsazio onak ditugu, eta minik ez. Garrantzitsua da hori.

Konfinamendu sasoian aitortu diguzu garajean ibili zarela pilotan.

Bai, baina ez da nahikoa. Leku txikia da pilotan egiteko, bakarrik zaude... Pilotarekin kontaktua ez galtzeko balio du, baina askoz gehiagorako ez. Frontoietara itzuli ginenean sumatu genuen beste kolpe bat geneukala.

Frontoietako harmailak hutsik zeudela hasi zineten, eta orain, jende kopurua zainduta, baina jendea hasi da pilotalekuetara gerturatzen.

Hasieran normala da jendeak zalantzak izatea, baina uste dut pilotalekuetan gauzak ondo egiten dabiltzala, segurtasun neurri guztiak zaintzen dabiltzala, eta horrek laguntzen du normaltasun berri honetara ohitzen. Jendea ikusten dabil frontoira etortzea segurua dela, eta nik uste dut geroago eta herri gehiago animatuko direla jaialdiak kontratatzera.

Eskuz Binako Txapelketa betebetean harrapatu zuen alarma egoerak. Zertan geratuko da txapelketa hori?

Hasiera batean, udazkenean helduko diote ostera ere txapelketa horri, hori da dakiguna. Baina pilotarioi ere ez digute askoz ere gehiagorik aurreratu.

Master Caixabank izeneko txapelketan diharduzue orain.

Bai; udara begira antolatu duten txapelketa berri bat da, eta txapelketa luzea da. Gauza positiboa da, batetik, lehengo erritmoa hartzeko partiduak behar ditugulako, eta, bestetik, uda delako guretako sasoirik garrantzitsuenetakoa. Abuztuan eta irailean, normalean, partidu mordoa jokatzen ditugu, hiru egunetik behin partidua izaten dugu, eta horri eustea garrantzitsua da. Egia da aurtengo udan jaialdi kopurua dezente jaitsiko dela, baina torneo honek, neurri batean, normaltasuna ekarriko digu. Hamalau jardunaldi dira, astero-astero partiduak izango ditugu, eta hori garrantzitsua da guretako. Duela aste gutxi zelan geunden ikusita, ez dugu kexarako motiborik.

Erritmoa hartzen joan bai, baina torneo ofiziala da.

Zalantza barik, Master Caixabank Txapelketa ofiziala den neurrian, behin jokatzen hasita, denok nahi dugu aurrean ibili.

Txapelketa honekin batera udan herriko jaietan izaten dituzue jaialdi asko. Eta jaiak bertan behera geratzeak zuei ere bete-betean eragiten dizue.

Bai, herri batzuetan bertan behera utzi dituzte jai egitarauak, beste batzuetan badabiltza pilota partiduak antolatzen. Nik uste dut jendeak zalantza handiak izan dituela gauzak antolatzeko orduan, baina, poliki-poliki, badabiltza ikusten besteek zelan egiten dituzten gauzak, zelan antolatu daitezkeen, esaterako, pilota jaialdiak segurtasun neurriak hartuta, eta pentsatu gura dut normaltasunera itzultzen joango garela. Jende kopuru mugatuarekin, maskara jantzita, baina geroago eta partidu gehiago antolatzen dituztela ikusiko dugu.

Ohiko egutegia kontuan izanda, ondoren etorriko dira lau eta erdiko txapelketa eta buruz burukoa. Baina egutegiak ez du denendako tokirik.

Esango nuke beste urte batzuetakoak baino torneo laburragoak izan beharko direla. Urteak 365 egun ditu, eta, seguruenik, denboraldi hau hurrengoarekin batuko da. Ez dakit txapelketa guztiak jokatzeko tarterik egongo den; seguruenik, urte amaieran pilatu egingo dira torneoak. Jokatzekotan, laburragoak izan beharko dute.

Hau guztia, jakinda, egun batetik bestera gauzak asko alda daitezkeela.

Egunotan ikusten gabiltza komunikabideetan zelan tentuz jarraitu behar dugun, eta egoera berrira egokitu egin beharko dugula. Merezi du segurtasun neurriak hartzea, lehengo egoerara itzul ez gaitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak