Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur, eta guztira, 50.043 debagoiendar daude botoa ematera deituta, INE-ren datuen arabera. Koronabirusaren pandemiak sorturiko egoera oraindik berezia denez, eta segurtasun neurriak mantendu behar direnez, ohi baino hautesleku gehiago jarriko dituzte, jendeak pilatu barik botoa eman dezan. Zehazki, 23 hautesleku jarriko dituzte bailaran; eta horietan, guztira, 71 mahai.
Errolda, herriz herri:
Antzuola: 1.612
Aramaio: 1.150
Aretxabaleta: 5.455
Arrasate: 17.254
Bergara: 11.478
Elgeta: 858
Eskoriatza: 3.213
Leintz Gatzaga: 177
Oñati: 8.846
Neurri bereziak
Nekane Murga eta Estefania Beltran de Heredia sailburuek adierazi dute hauteskundeei begira zenbait neurri hartu beharko direla. Botoa emateko orduan derrigorrezkoa izango da maskararen erabilera, eta jendearen artean segurtasunezko distantzia mantendu beharko da. Gainera, Beltran de Herediak etxetik botoa gutun-azalean sartuta eramatea gomendatu du.
Horretaz gain, maskara ahaztu zaien hautesleentzako musuko kirurgikoak jarriko dituztela eskuragarri azaldu du.Hauteskunde mahaietan egongo direnei segurtasunerako kit bereziak banatuko dizkiete; besteak beste, maskara, gela eta eskularruak emango dizkiete. Euren arteko segurtasun-tartea ere zainduko da, eta baita botoa ematera doazen herritarrena ere; horretarako, markak egongo dira lurrean. Ilarak sortzen badira, 65 urtetik gorakoak edo haurdun dauden emakumeak lehenetsiko direla jakinarazi dute sailburuek.
Desinfekzio lanak etengabe egingo dituzte hauteslekuetan.Hauteskunde mahaietan ego-ten diren alderdi politikoetako ordezkariak, ahaldunak, ezberdin arituko dira aurten. Aretxabaletan, esaterako, ez dira mahaietan eserita egongo, baina botoen kontaketan parte hartuko dute. Horren harira, Segurtasun Sailetik adierazi dute botoen kontaketa nola emango den jakiteko simulazioa egin dutela, eta kalkulatzen dutela ohi baino ordu erdi inguru gehiago beharko dutela mahaietako ordezkariek botoak zenbatzeko; besteak beste, eskularruak erabili beharko dituztelako. Hortaz, emaitzak ere pixka bat beranduago jakinaraziko dituzte.
Jarraipena Goienan
Hauteskundeei egun osoan zehar egingo zaie jarraipena Goiena.eus webgunearen bitartez. Hauteslekuak itxi ostean, 20:00etatik aurrera, une oro datu ofizialen eta ez ofizialen berri emango dute, grafikoez lagunduta. Gainera, 19:45tik aurrera, hauteskundeen gaineko saio berezia eskainiko dute Goiena telebistan. Hurrengo egunean, astelehenean, emaitzak, balorazioak eta analisiak eskainiko dituzte Goiena telebistako albistegian eta Hemen Debagoiena saioan, gonbidatuekin.