4.128 PCR proba eta 559 test azkar egin ziren atzo, eta hautemandako positiboak 30 izan dira PCR bidez eta 46 test azkar bidez.
PCR probei dagokienez, 9 positibo baieztatu dira Araban, 5 Bizkaian eta 16 Gipuzkoan. Gipuzkoako gehienak Goierrin atzeman diren arren, Debagoienean ere bi kasu erregistratu dira: bat Arrasaten eta bestea Eskoriatzan. Halere, eskoriatzan beste positibo bat ere erregistratu da gaur –kutsatuak berak jakinarazi du– eta beraz, bi daudela esan daiteke, baina gaur hautemandakoa ofizialki biharko boletinean jasota agertuko da. Hala, Osasun Sailak gaur emandako datu ofizialen arabera, dagoeneko, 552 kasu erregistratu dira Arrasaten pandemia hasi zenetik eta 16 Eskoriatzan.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, 6 alta eman zituzten atzo eta ez zen ospitaleratze berririk ezta heriotzarik ere erregistratu. Bestetik, negatibizatutako kasuak –diagnostiko positiboa izan ostean PCR probetan negatibo eman dutenak– 40 izan ziren atzo.
Hautemandako postiboekin batera, oinarrizko birsorkuntza tasak ere gora egin du, eta atzo 1,80koa zela adierazi du Osasun Sailak; hala, pandemia hedatzen ari dela ondorioztatu daiteke, eta horrenbestez, kutsatutako pertsona bakoitzak beste bat edo gehiago kutsa ditzakeela, batez beste.
Nafarroan, bi foku
Noticias de Navarra dedabideak argitaratu duenez, bi foku atzeman dituzte Nafarroan: bat Iruñean eta bestea Tuteran. Hala, hedabidearen arabera, 28 positibo berri egon litezke.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.