Debagoienean kasu berririk agertu ez den zenbait egunen ostean, atzo EAEn egindako PCR probetan bi positibo berri atzeman zituzten ibarrean: Arrasaten bata eta Bergaran bestea. Gauzak horrela, Arrasaten 251 herritarrek harrapatu dute COVID-19 gaitza pandemia hasi zenetik; Bergaran 56k; eta Debagoienean 454k.
2.357 PCR proba egin ziren atzo EAEn, eta denera, hamahiru positibo atzeman zituzten: Araban hiru; Gipuzkoan beste hiru –tartean, bailarako biak–; eta Bizkaian zazpi. Atzo egindako 226 test azkarretan, aldiz, zazpi pertsonak eman zuten positibo.
Hildakorik ez EAEn
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo ez zen inor hil EAEn koronabiursaren ondorioz. 27 pertsona negatibizatu ziren, eta sei pertsonak jaso zuten ospitaleko alta. Momentu honetan, sei lagun daude ZIUn ospitaleratuak. Beste egun batez, gora egin du birsorkuntza tasak: 1,31ean kokatu da.
Nafarroa
Nafarroako Gobernuak oraindik ez du atzoko datuen berri eman.