Nekane Murga Osasun sailburuak gaur egindako agerraldian aditzera eman duenez, atzo EAEn egin ziren 2.522 PCR probetan hamabost koronabirus kasu berri atzeman ziren: sei Gipuzkoan, bost Bizkaian eta lau Araban. Debagoienean ez da kasu berririk atzeman. Atzo egindako test azkarrak, bestalde, 557 izan ziren, eta horietan guztira 68 izan ziren baieztatutako kasuak.
Hildakoei dagokienez, atzo beste pertsona bat hil zen EAEn COVID-19 gaitzaren ondorioz; guztira 1.519 izan Erkidegoan koronabirusagatik hil direnak.
Azken datuen arabera, 30 pertsona gehiago izan dira negatibizatuak, eta hiruk hartu dute ospitaleko alta. Aurreko egunean bezala, atzo sei pertsonak jarraitzen zuten ZIUn ospitaleratuta. Oinarrizko birsorkuntza tasak, bestalde, gora egin du EAEn: atzo emandako datuen arabera, 0,89 zen; gaur aldiz, 1,09 dela eman du aditzera Osakidetzak.
Nafarroari dagokionez, atzo ez zen kasu berririk atzeman, ezta koronabirusagatik inor hil ere. Pertsona bat ospitaleratu behar izan zuten COVID-19aren ondorioz.
Ostalariei laguntzeko deia
Nekane Murgak azaldu du datuak "onak" diren arren, herritarrak ezin direla erlaxatu. Gakoa prebentzioa dela gaineratu du, eta zentzu horretan, ostalariei laguntzeko eskatu du arrisku egoerak saihesteko: "Establezimenduek edukiera kontrolatzen dute, garbitasuna bermatzen dute eta mahaiak eta bestelakoak desinfektatzen dituzte. Baina maskarak erabiliz eta distantziak mantenduz lagun diezaiegun, zati bat bezeroaren beraren ardura delako".