Haurrak pantailarik gabe hazi nahi dituztenen bila

Maialen Santos 2020ko uzt. 3a, 13:41

Debagoieneko bi familia "kezkatuta" daude smartphoneen eta pantailen inguruan orokortzen ari den ereduarekin. Umeak pantailarik gabe hazi gura dituzte, eta dinamika horrekin bat datozen familien bila ari dira; harremanak sortu guran.

Bailarako bi familia "kezkatuta" azaldu dira gaur egun smartphoneen eta, orokorrean, pantailen bueltan "orokortzen" ari den ereduarekin. Familia horietako guraso batek, Patxi Monterok, azaldu du ez dutela gura haurrak horiei begira "hazi" daitezen, uste dutelako aparailu teknologikoek baldintzatu egiten duela harremantzeko modua. "Eredu horren ordez, bestelako harreman eta haziera-eredua jarraitzen dugu", aitortu du. Zehazki, adierazi du gurasoak haurrekin daudenean elkarrekin daudela; ez, ordea, pantailara begira. Bestalde, ez dituzte telefono edota tabletak erabiltzen haurrak entretenitzeko, "edota isilik eta geldi egon daitezen". Oro har, aitortu du "zentzuz" erabiltzen dituztela telefono eta pantailak. Horretaz gain, gozokirik ere ez dute kontsumitzen: "Ahalik eta gutxien nahi genituzke gure artean; hobe bat ere ez".

Aurrez aurreko harremanen bila

Monterok azaldu duenez, 6 eta 10 urteko bi alaba dituzte, eta Debagoienean edo inguruan pantailarik gabeko aukera hautatu dutenenekin "harremanak bilatzen" ari dira: "Gure artean eta gure haurren artean harreman ona sortzen bada, elkarrekin bidea errazteko". Hala, uste dute lehen urratsa litzatekeela ikustea bailaran antzeko dinamika jarraitzen duen familiarik ba ote dagoen; kasu horretan, elkar ezagutzeko aukera egongo litzatekeelako.

Haurren arteko harremanetan zera bilatzen dutela adierazi du: aurrez aurreko harremanak bizitza errealean, jolasa, jolas librea, natura, elkar-errespetua, lasaitasuna...

"Sentsibilitate" honekin bat datorrena eta halako harreman dinamiken bila dabilena telefono hauen bidez jar daiteke bi familiekin harremanetan: 943 78 90 70 edo 675 94 46 09.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak