Uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira kanpainan murgilduta eman dute azken astea alderdiek. Hain zuzen, hauteskunde horietarako aurkeztutako zerrenden artean hogei debagoiendar daude; zazpi EAJren Gipuzkoako zerrendan, bost EH Bilduren zerrendan, lau Elkarrekin Podemos-IUren zerrendan, bi Equo Berdeak alderdiaren zerrendan eta bat Vox-en hautagaien artean. Arabako PSE-EEren zerrendan ere debagoiendar bat dago.
EH Bilduren Gipuzkoako ze-rrendako laugarrena da Aretxabaletako Udalean zinegotzi izandako Lore Martinez Axpe aretxabaletarra. Era berean, Euzko Alderdi Jeltzalearen Gipuzkoako zerrendan bederatzigarren postuan dago Aitor Urrutia Oianguren eskoriatzarra, azken legealdian legebiltzarkide izan dena. Arrasaten zinegotzi izandako Podemos Ahal Duguko Eva Abuin Bideburu ere hirugarrena da Gipuzkoako Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren zerrendan. PSE-EEren Gipuzkoako zerrendan ez dago debagoiendarrik, baina bai Araban: Alberto Alonso Martin oñatiarra, Bergaran zinegotzia eta orain arte Osalaneko zuzendaria izan dena, laugarrena da.
Agintaldi berrira begira alderdien aurreikuspen eta asmoak azaldu dituzte lau debagoiendar horiek, Lore Martinezek, Aitor Urrutiak, Eva Abuinek eta Alberto Alonsok. Era berean, COVID-19 gaitzak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei irtenbidea emateko alderdi bakoitzak zehaztutako neurriak jakinarazi dituzte, baita uztailaren 12tik aurrerako erronkak zehaztu.
LORE MARTINEZ AXPE
Aretxabaleta. Laugarrena EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan.
Zer aurreikuspen dituzue? Zer babes jasoko duzue hauteskunde hauetan? Zer aliantza posible ikusten duzue gobernatzeko?
Ezohiko hauteskundeak izango diren arren, aurreikuspenak onak dira EH Bildurentzat. Sentsazio onekin mugitzen gabiltza. Bi aukera izango ditugu aurrean, eta herritarrek aukeratu beharko dute: Mendiak-Urkulluk ordezkatzen duten eredu berdina, zaharkitua, edo Maddalenek zuzenduko duena, erronka berriekin, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria. Eusko Legebiltzarrera gobernatzeko asmoz eta gogoz joango gara, gobernatzeko erantzukizun eta konpromisoaz.
COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, zein izango da lehentasuna?
Pertsonak oinarri izango dituen ekonomia zirkularrean oinarri-tutako kudeaketa egingo dugu. Hau da, ingurumena, ekonomia eta arlo soziala uztartzen dituen ekonomia. Herrialde aurreratuek azpiegitura digitaletan, berrikuntzan, adimen artifizialean, ekonomien deskarbonizazioan, hezkuntzan eta ikerketan inbertitzen dute. Herrialde atzeratuenek uste dute garapena azpiegitura handiak inauguratzean dagoela; AHTak ez gaitu herri aurrerakoi egingo, Espainiako AVEak dituen kilometro guztiek herri aurrerakoi egiten ez duten bezala. Erronka berriak datozkigu eta lehentasunak argi izan behar ditugu. Euskaltelekin pasatu dena, adibidez, ulertezina da. Iraultza digitalean barneratuta gaude, eta guztion artean ordaindutako azpiegitura digitala saldu dute, herri honentzat estrategikoa izan behar zena.
Zeintzuk izango dira agintaldiko erronkak? zer arlotan jarri behar da fokua? zergatik?
EH Bildutik agintaldirako erronka nagusiak izango direnak herritarron ongizatea bermatzea eta krisi ekonomikotik ateratzea izango dira, inor atzean utzi gabe. COVID-19 gaitza oraindik ere gure artean dugu eta ezin da inprobisatzen jarraitu. Politika publikoak egingo ditugu oinarrizko arloek jasan dituzten murrizketak gelditu eta arlo horiek indartzeko: osasungintza, hezkuntza, zaintza, eta abar. Era berean, enplegua eta sektore ekonomikoak sustatuko ditugu. Bizi dugun egoerari aurre egi-teko gaitasuna eta esperientzia badugu eta aurrera egiteko prest gaude.
AITOR URRUTIA OIANGUREN
Eskoriatza. Bederatzigarren EAJren Gipuzkoako zerrendan.
Zer aurreikuspen dituzue? Zer babes jasoko duzue hauteskunde hauetan? Zer aliantza posible ikusten duzue gobernatzeko?
Gure aurreikuspena kanpaina txukuna egitea da, egin duguna balioan ipini, gure proposamenak herritarrei helaraztea eta jendea bozkatzera animatzea. Babesari dagokionez, ikusiko dugu, nahiz babes ona nahiko genukeen izan, lan txukuna eta proiektua sendoa daukagulako. Aliantzak egiteko ere, lehendabizi emaitzak ikusi behar dira. Gure asmoa denekin hitz egitea da, eta adostasunetara iristea, baina, horretarako, gurekin adosteko prest egon behar dute besteek ere. Gu irekita gaude.
COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, zein izango da lehentasuna?
Lehentasuna pertsonak izan dira, bai orain, bai koronabirusaren aurretik ere. Krisi honetatik irteteko ere, giza kapitalean inbertitu beharra dago inoiz baino gehiago. Horrek hainbat arlotan jarraitu beharreko inbertsioen aurrean jartzen gaitu: osasuna, arlo soziosanitarioa,hezkuntza, formakuntza eta gizarte zerbitzuak, nagusiki. Era berean, ekonomia berrindartu beharra dago, enplegua sustatuz. Lan horretan, enpleguaren inguruko formakuntza gakoetako bat izango da; pertsona eta enpresen premietara moldatuz, herritarrek lana eta enpresek lehiakortasuna izan dezaten.
Zeintzuk izango dira agintaldiko erronkak? zer arlotan jarri behar da fokua? zergatik?
Gizarte bezala lehendik ere oinarrizkoak ziren arloak eta bereziki gauden egoeratik irteteko ezinbestekoak diren arloak izango dira erronkak agintaldira begira: osasuna, arlo soziosanitarioa, hezkuntza, formakuntza eta gizarte zerbitzuak. Ekonomia berrindartu eta enplegua sortu beharra dago, langabezia jaitsiz. Bizi dugun krisi honetaz gain, badaude tinko heldu beharreko beste hainbat erronka ere; besteak beste, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, eta gure herriaren autogobernuak behar duen bultzada, herri bezala urrats berriak egin ditzagun. Agintaldirako aipatutako erronka eta foku guztiek koronabirusak eragindako azken krisi honetatik zutik irteteko eta nazioa osatzen duen herri bezala pauso berri eta kualitatiboak emateko balio behar dute, zein gizarte justuago eta kohesionatuagoa lortzeko.
EVA ABUIN BIDEBURU
Arrasate. Hirugarren elkarrekin Podemos-IU koalizioko Gipuzkoako zerrendan.
Zer aurreikuspen dituzue? Zer babes jasoko duzue hauteskunde hauetan? Zer aliantza posible ikusten duzue gobernatzeko?
Hauteskunde hauek historikoak izan daitezke, EAJren politika antisozialak alde batera utzi eta ezkerretik alternatiba eraldatzailea eraikitzeko aukera dagoelako. Ezkerreko alderdiak gobernatzeko prest gaude, alternatibak eraikitzeko garaia da. Elkarrekin Podemos-IU koalizioan argi izan dugu beti beste Euskadi bat posible dela. Ezkerreko alderdiok elkarrekin lan egin behar dugu, etorkizuneko proiektu baten alde, gizakiaren askatasuna, demokrazia eta berdintasuna lortzeko borrokaren aldarrikapenak gure herrian errotzeko.
COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, zein izango da lehentasuna?
Elkarrekin Podemos-IU hautagaitzatik proposamen zehatzak dauzkagu, koronabirusaren osteko talka plan bat proposatzen dugu hiru ardatz nagusi eta hamabost neurri konkreturekin. Ardatz morea, zaintza-lanak birbanatzeko; ardatz gorria, oinarrizko eskubideak –etxebizitzak, hezkuntza eta diru-sarrera minimoa– bermatzeko politikak eraikitzeko; eta ardatz berdea, trantsizio ekologikoaren bidean aurrera egin ahal izateko beharrezkoak diren erreforma eta plan integral bat gauzatu ahal izateko. Normaltasun berriaren ondorioak langile klaseak berriro ez ordaintzeko politika eraginkorrak artikulatu behar ditugu. Gizarte zerbitzuen eta zerbitzu publikoen sareak indartu behar direla gogorarazi digu krisi sanitario honek, eta hau Parlamentuan blindatu behar dugula argi daukagu.
Zeintzuk izango dira agintaldiko erronkak? zer arlotan jarri behar da fokua? zergatik?
Askatasuna, demokrazia, berdintasuna, feminismoa eta euskaldunon autogobernua lortzeko borrokarekin zentratuta gaude; herri-subiranotasuna, une bakoitzean guk nahi dugun etorkizuna erabaki ahal izateko. Euskadi feminista eta parekidea nahi dugu, inor atzean utziko ez duena eta giza bizitzen eta lurraldearen jasangarritasuna politika publikoen ardatz izango dena. Zuzeneko demokraziarekin eta demokrazia parte-hartzailearekin lotutako formulak bultzatzen dituen bidea eraikitzea... Hau da, bizitza eta pertsonak daude gure proiektuaren erdigunean. Aldaketa politikoa ikuspegi feministatik begiratuta izan behar da, kolektibo kaltetuenak aintzat hartuko dituena eta, batik bat, bizitzaren euskarri diren lan guztiei balioa emango diena.
ALBERTO ALONSO MARTIN
Oñati. Laugarren PSE-EEren Arabako zerrendan.
Zer aurreikuspen dituzue? Zer babes jasoko duzue hauteskunde hauetan? Zer aliantza posible ikusten duzue gobernatzeko?
Euskadin inkestek PSE-EE-rentzat planteatzen dituzten joerak positiboak eta goranzkoak dira. Gure ustez, sozialistak Espainian eta Eusko Jaurlaritzan erantzukizunez jokatzen ari garela ulertu dute herritarrek, eta euskal sozia-listak beti egon garela akordioen alde; betorik eta bazterketarik gabe. Hala ere, oinarri etiko gutxieneko batzuk onartzen dituztenekin soilik partekatu dezakegu Gobernua: inoiz ez da arrazoirik egon gizaki bat suntsitzeko, ez iraganean, ezta orain jazartzeko ere. Zailagoa ikusten dugu gobernagarritasuna lortzea Euskadiko Alderdi Sozialista Eusko Legebiltzarrean egon denean lau urtez oposizioa egin duten alderdi horiekin. Nazionalisten arteko aliantza ere posible da. Guk emaitzak ikusiko ditugu, eta, beti bezala; herritarrek gure irtenbide-proposamenak eta hauteskunde-programa nola jaso dituzten aztertuko dugu. Orduan ikusiko dugu nola osa-tu gobernua eta herritarrek konfiantza ematen badigute, norekin.
COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko, zein izango da lehentasuna?
Gure lehentasuna, esparru orokorrean, osasun sistema publikoa indartzea da, baita laneratze azkarra krisiak kaltetu dituen langileentzat, betiere eskubide guztiak bermatuz langile horientzat. Berehalako plan bat proposatzen dugu 2020 honetarako, larrialdiei aurre egiteko, baita begirada luzeko plan bat legealdirako, behar ditugun erreformak aurrera atera eta krisi honetatik ondorio kaltegarri gabe atera gaitezen, beti eragile sozialen arteko adostasun handienarekin.
Zeintzuk izango dira agintaldiko erronkak? zer arlotan jarri behar da fokua? zergatik?
Sozialistok aspaldi ulertu genuen hauteskunde autonomikoetako proposamenak ez direla soilik lau urte kudeatzeko, baizik eta hurrengo hamarkadak diseinatzea. Krisiaren ostean, berdinen arteko Euskadi bat lortzeko –jasangarria, berritzailea, anitza eta kohesionatua–, lehentasunak eta foku politikoa osasunean eta euskal eremu soziosanitario baten eraikuntzan jarri behar ditugu, euskal hezkuntzan, hezkuntza hori behar berrietara egokitzean eta gizarte-zerbitzuetan. Azken batean, krisi honen osteko Euskadi sendo bat eraikitzeko parte izan behar duten arlo horiez guztiez ari gara. Inor gizartetik kanpo gera ez dadin lan egin behar dugu.
Beste maila batean bada ere, lehiatzeko prest dira
Rafa Bernal aretxabaletarra Equoko zerrendan seigarrena da Gipuzkoan; Jose Mari Sasieta bergararra, bigarrena Libres Por Euskadirenean; eta Pello Atxukarro donostiarra, PP+C's koalizioan hamaseigarrena –ez dago hautagai debagoiendarrik zerrendan–. Hasiera batean, behintzat, ez dute besteek adina boto eskuratuko.
Equo bakarrik aurkeztuko da hauteskunde hauetan, eta ez Elkarrekin Podemos-IUrekin. "Hautagaitzak erregistratu baino astebete lehenago, gure artean, barne bozketa bat egin genuen koalizioan jarraitu edo ez erabakitzeko, eta gehiengoak baietz esan zuen. Halere, ostikada eman ziguten, eta Madrildik hartutako erabaki hark tentsio handia eragin du Podemosen. Izan ere, Podemos Euskadiko kideek ez zuten ulertzen Equorekiko izandako jarrera hori. Hauteskunde Orokorretan Errejonekin joan izana jarri ziguten aitzakia moduan, nahiz eta Euskadin ez aurkeztea erabaki genuen. Inportantea da esatea Madrildik hartutako erabakia izan dela. Pablo Iglesiasen erabakia izan da, harena bakarrik. Betoa jarri digute eta kito", nabarmendu du Bernalek.
Eusko Legebiltzarrean sartzea aurreikusten dute, ordea. "Frantziako Lyon, Bordele eta Estrasburgo hirietan berdeek eskuratu dituzte alkatetzak, eta horrek esan nahi du olatu berdea gerturatzen ari dela hona ere. Equo Berdeak Europako alderdi berdearen baitan dago, beraz, hiri horietan irabazi izanak esan gura du guk ere irabazi dugula. Gu gara Europako alderdi berdearen ordezkariak Euskadin. Badakigu Europako hegoaldea zertxobait atzeratuta doala beti, baina zerbait ateratzea espero dugu".
Libres Por Euskadiren asmoa "gizarteak behar duenaren alde" lan egitea da. "Ez du zertan eskumako edo ezkerreko proiektu bat izan, baizik eta herritarren onura bilatuko duen proiektu bat. Gure zerrenda askotarikoa da. Podemosetik etorritakoak gaude, baina baita Ciudadanosetik edo PPtik etorritakoak ere", dio Sasietak.
Sasieta bera, Podemosetik dator. "Ezkertiar modura definituko nuke neure burua, baina ez naiz sekula izan komunista, esaterako, ez naiz bertan ordezkatuta sentitzen. Kasu honetan, ez duenez ideologia zehatz bat eta jendearen alde egitea helburu nagusia izanda egokia iruditu zitzaidan bertara aurkeztea. Apur bat pentsatu nuen, jendearekin hitz egin nuen, gehien bat ikusteko niretzat aproposa zen edo ez. Proiektu honek Podemosen hasiera bateko proiektuaren antza du; goikoak eta behekoak berdindu nahi ditu, herritar guztiek lekua izan dezaten. Hemen edozeinek du lekua, betiere gizartearen alde egiteko".
Gipuzkoatik, "gehienez", legebiltzarkide bat lortzea aurreikusten dute. "Helburu nagusia, halere, proiektua ezagutaraztea da, apur bat egonkortu eta epe luzerako proiektua garatzea".
"Bi alderdi ezberdin gara, posizio ezberdinak ditugu, eta horretaz kontziente izan behar dugu. Hala ere, adostasun dezente ditugu Espainiari dagozkion gauza askotan. Gainera, iruditzen zaigu zatiketak ez duela gobernatzeko aukera handirik ematen. Herritarrei zerbitzua ematea da gure zeregina eta herritarrek eskatzen dutena da elkarrekin indarrak bateratzea, eraginkorragoak izango garelako modu horretan", adierazi du Atxukarrok, eta gaineratu agintari guztiei "leialtasuna" exijitu behar zaiela, "edozein alderdietakoa izanda ere".
Atxukarrok dioenez, euskarak ez luke atzera egingo koalizioa agintera iritsiz gero, "kontziente" baitira "gure hizkuntza" dela. "Hizkuntza bat ez da monumentu bat, askoz ere gehiago da. Euskarak balio izugarria dauka, baina badirudi gaztelania euskararen aurkakoa dela, edo hala hartzen dute batzuek, behintzat. Horretan ez gaude ados, eta inportantea da errealista izatea. Ni, zortez, euskalduna naiz jaio nintzenetik, baina gaztelera ere badaukat eta ez genuke ukatu beharko bietako bat ere. Euskararen egoera ona da gaur egun, bide onetik goaz, eta alderdi popularrak agintera iritsita, ez dut uste euskarak estutasunik pasako duenik".
Bestalde, Josu Laiño oñatiarra Vox alderdiaren Gipuzkoako zerrendan aurkeztuko da, hamaseigarren.