"Gogoa izanez gero, gutako edonork egin dezake edozer"

Xabier Urtzelai 2020ko uzt. 3a, 16:35
Joseba Azkarate, Igarki Pascual eta Ruben Viso, aste barruko aurkezpenean.

Pandemia egoera dela eta, lasterketak itzultzen direnean Joseba Azkaratek, Igarki Pacualek eta Ruben Visok defendatuko dute Antxintxikako kirol egokituko saileko elastikoa. Oraingoz hiru kirolari horiek osatuko dute LANA Antxintxika izena duen taldea; euren lehenengo triatloia egitea dute helburu.

Zelan iritsi zarete proiektu honetara?

Joseba Azkarate: Betidanik izan naiz kirolzalea, eta errepidean zoritxarreko istripua izan eta gero, Antxintxikako kide Aitor Rementeriarekin berba eginda bizikleta erosteko proiektua abiarazi genuen, dirua lortzeko zozketak saltzen hasi ginen, eta horri esker erosi ahal izan genuen kirol egokituan parte hartu ahal izateko handbike-a. Poliki-poliki, egitasmo hura handitzen joan da, jendea batu da proiektura, eta gaur [astelehena] aurkeztu dugu saila bera modu ofizialean.

Igarki Pascual: Urteak daramatzat Gasteizen saskibaloian jokatzen. Gaztea nintzela, bizkar arazo batzuk tarteko ebakuntza egin behar izan zidaten, eta ordutik, kirola oso lagungarria izan da niretako. Baina, azkenaldian, saskibaloiaz gain, beste kirol jarduera batzuk probatzeko beharra neukan. Hala, Josebaren bitartez izan genuen Antxintxikaren proiektuaren berri, eta birritan pentsatu barik animatu gara. Lehenengoz triatloi bat egitea da asmoa.

Ruben Viso: Gaztetan traktore batekin istripua izanda geratu nintzen elbarri, eta futbola alde batera utzi eta saskibaloiari heldu nion. Egokitu egin behar duzu egoera berrira. Hala, Josebak Zuzenak taldean errugbian ere egiten du, eta hark kontatu zigun triatloi taldean zegoela, eta ordurako gu ere kirol jarduera hori probatzeko gogoz geunden.

Joseba, zer dakar Antxintxikak pauso hau eman izanak?

J.A.: Batez ere, bailara mailan aurrerapauso handia da, jendea kontzientziatzeko lagungarria delako. Hiriburuetan errazago ikusten dira halako kasuak, hau da, desgaitasunen bat duten lagunek ere kirol jarduerak egin ditzaketela, baina hemen ez da halakorik ikusten. Hau da, proposatuz gero edonork edozer egin dezakeela erakustera gatoz.

Zure kasuan, kirola egiteak ze onura ekarri dizkizu?

J.A.: Onura mordoa, eta egunerokotasunean ikusten ditugunak, gainera. Gurpil aulkian ibiltzeko egonkortasun handiagoa, indarra beso eta eskuetan, konfiantza... Ez dira onura fisikoak bakarrik, psikologikoak ere hor daude: beste gauza batzuetaz arduratzen zara, motibazioa...

Eta Antxintxika moduko talde batean egoteak ze onura dakartza?

J.A.: Triatloia bakarkako kirol jarduera bat da, baina elkar babesten dugu. Gainera, laguntasuna behar izaten dugu materiala prestatzeko, hemendik hara joateko...

I.P.: Antxintxikaren proiektuaren berri izan aurretik ere triatloietan parte hartzeko asmoz geunden. Gure gaitasunen arabera ahalik eta lasterketarik egokienak aurkitzen saiatu, eta iristen ginen lekuraino iritsi. Orain, berriz, proben gaineko informazio zehatzagoa izango dugu, baliabide hobeak; izan ere, behar dugun materiala garestia da.

R.V.: Ze lasterketatara joan gaitezkeen, nora ez... Halako informazioa izango dugu, Antxintxikakoak antolatzaileekin egongo direlako proben ezaugarriak aurrez jakiteko. Eta, noski, taldearen babesa izatea ere gauza handia da.

2020rako baduzue erronkarik?

J.A.: Oraingoz nire erronka handbike-an dago, hor nabil burubelarri. Baina etorkizunera begira triatloi bat egin ahal izatea dut buruan, eta badakit egingo dudala.

R.V.: 2020ra begira geneukan erronka zen pare bat triatloi egitea, poliki-poliki kirol hau ezagutu eta hobetzen joateko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak