Txemi Gorostiza: "Guardia Zibilak soilik daki Irunberrin zer gertatu zen"

Maialen Santos 2020ko eka. 26a, 14:55

30 urte dira ETAko hiru kideren eta Guardia Zibilaren arteko Irunberriko gertaeretatik. Hiru hildako utzi zituen; tartean, Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde.

Tiroz hilda agertu ziren ETAko bi kideren senideen abokatua da Txemi Gorostiza. 1990eko ekainaren 25etik 26ra bitartean gertatutakoak "argitzeko" lanetan dihardu azken urteetan; uste du informazio gehiena oraindik "argitara ateratzeke" dagoela.

Nola izan zenuen Irunberrin jazotakoaren berri?

Komunikabideak izan ziren Irunberriko gertakari baten berri ematen lehenak. Gerora jakin zen ETAren eta Guardia Zibilaren artean istilu bat izan zela, eta sarjentu bat hil zela bertan. Hildako gehiago zeudela esan zuten, baina, hasiera batean, ez zen jakin nortzuk ziren. Bertsio ofizialak suizidio kolektibo bati buruz hitz egiten du.

Zein hipotesiri eusten diozu zuk?

Suizidio kolektiboa izan zela gezurtatzeko zantzu ugari ditugu. Besteak beste, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, Guardia Zibilak hasiera batean ez zituen hildakoak zuzen identifikatu, eta horrek egoera dramatikoa eragin zuen. Bestalde, garaiko politikari asko beste arrazoi batzuengatik epaituak izan ziren, baina horrek ere sortzen du mesfidantza. Horretaz gain, agente batek El Mundo egunkarian egindako adierazpenetan adierazi zuen German Rubenach –larri zauritu zen kidea– bi gorpuak zeuden toki berean atxilotu zutela 25eko iluntzean. Baina bertsio ofizialaren arabera, gorpuak ekainaren 26an agertu ziren; beraz, horrek ere eramaten gaitu bertsio ofiziala zalantzan jartzera.

Nola ulertzen duzu gorpuak hurrengo goizean agertu izana? 

Zaila izan zen ulertzen, eta oraindik ere zaila egiten zait. Lehen informazioei tiraka, heriotzak nola jazo ziren argitu guran zalantza handiak sortu ziren. Rubenachi ere leporatu zioten lagunak hil izana... Bai. Ministerio Fiskala saiatu zen esaten Rubenachen zauriak bere buruari egindakoak zirela, eta baita berak tirokatu zuela Arregi. Prozedura judizialak gezurtatu egin zuen hori; eta horrenbestez, bertsio ofiziala.

Zein zen orduko egoera soziopolitikoa?

Oso konplexua zen. Ekintza armatuan jarduten zuen taldea zegoen, eta, dirudienez, Irunberrin ere horretan zenbiltzan. Kontestu horretan, ETAko kideen erantzukizun politikoak ez zuen lagundu gertatutakoa argitzen; are gutxiago, tentsio politikoak baretzen.

Une honetan, nola dago ikerketa?

Ez da existitzen. Auzitegi Nazionalak, Ministerio Fiskalak eta Estatuko Abokatutzak ez zuten ikerketarekin jarraitu gura izan, baina onartu zuten ez zegoela suizidioaren tesiari eusteko elementurik. Tesi judiziala eta tesi politiko ofiziala ez zetozen bat.

Inoiz jakingo da benetan zer gertatu zen?

Uste dut itxaropena eta konfiantza izatea ezinbestekoak direla. Posible ikusten dut egunen batean erantzuleren bat edota orain arte ezagutu ez dugun txostenen bat argitara ateratzea, eta era horretan jakin ahal izango dugu zer gertatu zen Irunberrin.

Zein eboluzio izan du lehen hipotesiak?

Frogak eta testigantzak bertsio ofiziala desakreditatuz joan dira. Baina horrek ez du inondik inora esan gura gertatutakoa argitu denik.

Noraino iritsi gura duzue?

Familiak egia jakin nahi du, zer gertatu zen; eta erantzuleek egindakoarengatik ordain dezatela. Horretaz gain, gordeta dagoen informazio guztia eskuratu gura genuke, gertatutakoaren nondik norakoak ezagutzeko. 30 urte pasa dira dagoeneko, eta erantzuleek ez dute agerraldi publikorik egin. Argi dago Guardia Zibilak soilik dakiela Irunberrin zer gertatu zen, baina ez dute dakiten guztia kontatu.

Zein aurrerapauso egin dituzue azken urteetan?

Bada, Rubenachen kasuan, zigorra bete behar izan du, baina askatasuna lortu du. Susana Arregiren eta Jon Lizarralderen familiek, berriz, gura dutena da egia osoa jakitea; memoria baita oroitzapenerako geratzen zaien bakarra. Izan ere, senideak ez dira inoren kontra egiten ari, memoria duintasunez egin ahal izatea gura dute. Esan dezagun kapitulu bat dutela ixteko pendiente.

Uztailaren 1ean hitzaldia eskainiko duzu Antixeneko gaztetxean...

Hala da. Uste dut interesgarria dela belaunaldi berriei garai hartako testuinguru politiko eta soziala zein zen azaltzea; asko haurrak izango ziren garai hartan, eta beste asko oraindik jaio gabe zeuden. Gertakariak oroituko ditugu, bestalde, eta esan diren kontaketa defendaezin horiei buruz berba egin. Bide batez, argitara atera beharreko txostenak badaudela ere azalduko dut.

30. urteurrenaren baitan, ekitaldiak

Irunberriko gertaeretatik 30 urte igaro dira. Hori dela-eta ekitaldi batzuk antolatu dituzte Oñatin oraingo egunetan: Joan den asteazkenean, Itzaletik Argira ziklo barruko hitzaldia eskaini zuen Floren Aoiz politikariak. Zehazki, 1990eko egoera soziopolitikoaz berbetan aritu zen Antixenako gaztetxean. Gaur, bestalde, Egiari Zor Fundazioak antolatuta oroimen ekitaldia egingo dute San Martineko hariztian,19:00etan.

Eguaztenean, uztailak 1, Itzaletik Argira ziklo barruko hitzaldia eskainiko du Susana Arregi eta Jon Lizarralderen senideen abokatu Txemi Gorostizak. 19:00etan izango da, gaztetxean.

Bestalde, gertaeren inguruko txosten bat prestatu du Ezker Abertzaleak, eta datozen egunetan banatuko dute etxez etxe.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak