Erromeria taldeen udako agendak hutsik daude aurten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko eka. 26a, 18:00

Erromeria giroan ibiltzen diren taldeendako uda zaila izango da aurtengoa. Dantza egiterako orduan hartu beharreko neurriak zaintzea zaila izango dela ikusita, erromeriak antolatzera ausartuko direnak gutxi izango dira. Hala, erromeria taldeen agendak hutsik daudela esan daiteke.

Elkarren ondoan dantza egitea, eskutik oratuta, elkarri lotuta edo borobilean; eta baita bakarka, nola ez. Horiek izaten dira erromeria giroan dantza egiteko moduak. Lagun artean jaiaz gozatu eta ondo pasatzeko modua. Erromeriak, baina, kinka larrian daude. Izan ere, egoera berezi honetan, bata bestearekiko distantzia errespetatu behar den honetan, zaila da elkarrekin dantza egitea. Eta elkarren ondoan dantza egiteko ez bada, zertarako egin erromeria?

Garilak 26 taldea, geldi 

Aurtengo udako agenda hutsik dute erromeria talde gehienek. Hori bera azaldu du Garila 26 taldean trikitia jotzen duen Maddi Elortza bergararrak: "Gaur egungo osasun egoeran dauden baldintzak betetzea oso zaila da; hala, kontzertu barik igaroko dugu uda". Emanaldiak beste modu batera egitea aukera bat izan daitekeen galdetuta, dio "xarma galdu" egingo litzatekeela. Horrez gain, beste talde batzuek streaming bidez kontzertuak eskaini izan dituzte arren, Elortzak dio ez dela euren kasua izan. Aurtengo udan ezinezkoa izango da, horrenbestez, Garilak 26 taldeaz gozatzea.

Kepa Urteaga, trikitiarekin 

Arrasaten bizi da Kepa Urteaga trikitilaria. Zumarragako trikiti taldeko kide da. Nabarmendu behar da 100 urte bete dituen taldea dela: 1920an hasi zen trikiti jotzen Joxe Oria, Keparen amamaren anaia. Hori horrela, Euskal Herriko trikiti talde zaharrena da Zumarragakoa. Hala, egoerak eurei ere eragin die: "Ez dugu erromeriarik aurreikusita; urteroko hitzorduak bertan behera geratu dira". "Erromeriak dira jendeak dantza egiteko, elkarrekin. Ikuskizun moduan zail ikusten dut erromeria bat"; hori uste du Urteagak. Uda pasa arte ez dute hitzordurik; eta udazkenean zerbait egingo duten edo ez ezin jakin oraindik.

Argazkia: eitb.eus

Bergarako San Martzial erromerian urtero izaten dira: "Jende asko egoten da eta jendea animatzen da dantza egitera".

100 urteko ibilbidea duen taldea izanda, publiko fidela dutela gaineratu du Urteagak: "Bai, publiko fidela dugu eta ikusi dugu horrelako egoera baten ere deitu egin digutela erromeriarik ezin izango dela egin azaltzeko". Kasu batzuetan, hurrengo urterako luzatu dute hitzordua. Urtero leku berdintsuetan jotzen dutela gaineratu du musikariak. Urteaga bera azkeneko 25 urteetan dabil oholtza gainean; aita ere bada taldeko kide. 81 urte ditu Migelek eta 13 urterekin hasi zen panderoa jotzen. Maiatza, ekaina eta uztaila bitartean aste bukaera guztiak beteta izango lituzkete ohiko egoera batean. "Astean zehar ere jotzen dugu, herrietako jaien arabera", dio. Hitzordu guztien artean baditu hiru kuttunenak direnak: "Zumarragako santaisabelak, Bergarako sanmartzialak eta Urretxuko sanjuanak". Bergarako San Martzial erromerian urtero izaten dira: "Jende asko egoten da eta jendea animatzen da dantza egitera". Aurtengo egoera berezia alde batera utzita, Urteagak dio erromerien erronka dela jendea dantza egitera animatzea, "gero eta gutxiago" egiten da eta.

Gauargi ere, ekitaldi gabe

"Dantza egiten dugu, eskuetatik heldu, gurekin batera koreografiak egiten dituzte... Hotaz, oso zail ikusten dut bizi dugun egoera honetan hori guztia egitea"

Gauargi taldeko Amaia Txintxurreta abeslariak dio saio guztiak bertan behera geratu zaizkiela. Txintxurretak, arrazoi pertsonalak tarteko, iazko ekainean aldi baterako utzi zuen taldea: "Asmoa nuen aurten saio batzuk egiteko, bailarako saioak, ingurukoak". Egoerak behartuta saio guztiak bertan behera geratu direla dio, eta herri batzuetan udazkenean egiteko asmoa azaldu duten arren, "dena airean" dagoela. Hau da, urtea "hankaz gora" jarri zaiela."Emanaldi akustikoak egiten dituztenek edo saio intimoagoak egiten dituztenek badute aukera zerbait egiteko, baina Gauargi moduko talde batendako ez dira baldintza egokiak ematen", azaldu du Txintxurretak, eta gaineratu: "Dantza egiten dugu, eskuetatik heldu, gurekin batera koreografiak egiten dituzte... Hotaz, oso zail ikusten dut bizi dugun egoera honetan hori guztia egitea". Gaineratu du jendea jaiak antolatzeko gogoz dagoela: "Ekainean genituen saioetarako, adibidez, azkeneko momentura arte itxaron dute saioak bertan behera geratuko zirela esateko; eta, konfinamenduan bertan ere, zenbait udaletatik deitu digute aurrekontua eskatzeko". Jendeak ilusioa eta gogoa baduela jaiak antolatzeko gehitu du. Ohiko egoera batean jo eta su ibiliko litzateke Gauargi taldea emanaldiak eskaintzen: "Aratusteetan egin genuen Oñatin saioa; baina, harrezkero, ez dugu ezer egin. Maiatzean ikastetxeetako jaiak izaten ditugu, eta ondoren, herrietako jaiak hasten dira. Uda betea izaten da gurean". Asteburu guztietan izango lituzkete emanaldiak egoera berezi honegatik ez balitz. Gertatzen ari denaren harira, zera dio: "Ikusten dugu terrazak jendez beteta daudela, baina antzokiak bete ahal izateko baldintzak zorrotzagoak direla dirudi".

Hortaz, egoera onartzea besterik ez zaie geratzen erromeria-zaleei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak