Kultura arloan adostasun gehien; gainontzekoetan, eztabaida nabarmenak

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 26a, 09:35

Uztailaren 12an egingo dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta, horren harira, EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemos-IUko, PSE-EEko eta PP-Ciudadanoseko hautagaien debatea eskainiko du Goiena telebistak gaur, kanpaina hasi den egunean bertan, 21:00etan.

Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJren Gipuzkoako zerrendan bigarrena; Iker Casanova, EH Bilduren Bizkaiko zerrendan bigarrena; Josetxo Arrieta, Elkarrekin Podemos-IUren Gipuzkoako zerrendan zazpigarrena; Eneko Andueza, PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua: eta Peio Atxukarro, PP-Ciudadanosen Gipuzkoako zerrendan hamaseigarrena. Hautagai horiek osatu dute mahai-ingurua.

Arrizabalagak hartu du hitza lehenik, azpimarratuz "behar-beharrezkoa" dela Legebiltzar berri bat eratzea. "Osasun krisiaren ostean, pandemia ekonomikoa datorkigu eta demagogiak eta esloganak alde batera utzita elkarlanean hasi behar dugu".

Casanovak gaineratu du hilaren 12an jokoan dagoena dela ze gobernuk egingo dion aurre epe laburrean "inoiz eduki dugun krisi ekonomiko larrienari". Arrietak ere bat egin du horrekin. "Azken batean, orain artekoari eutsi edo aldaketa progresistaren alde egin. Hori erabaki behar dugu", azpimarratu du.

Anduezak elkarlanari eman dio garrantzia eta Atxukarrok, berriz, ekonomia suspertzeari.

Dirulaguntzak hizpide

Ekonomiari helduta, sozialistak "ezinbestekotzat" jo du hiru arlotan planak egitea. "Enpresa txiki eta ertainei dirulaguntzak ematea eta online salmentak egiteko aukerak erraztea; autonomoei laguntzak ematea; eta, azkenik, aldi baterako lan erregulazio espedientean dauden langileei dirulaguntzak osatzea, soldata duina izan dezaten".

Atxukarrok, bestalde, EAEko hiru probintziak elkartzeari eta koordinatzeari eman dio garrantzia, "plan orokor bat sortuz", eta, ekonomia suspertzeko, "hasteko, behintzat", 400 milioi euro beharko liratekeela uste du.

Atxukarro: "Ekonomia suspertzen hasteko, behintzat, 400 milioi euro behar dira"

Arrizabalagak dio laguntzak sektoreka ematea eta beharrean dauden herritarrei laguntzak ematea funtsezkoa dela. "Oso krisi latzak izan ditugu, eta asmatu dugu haietatik irteten. Formulak ez dira beti berdinak izaten, baina badute ardatz bat komunean. Guk argi daukagu ardatz hori gure industria dela, eta erabateko lehentasuna ematen diogu industria bultzatzeari".

EH Bilduko hautagaiak, berriz, bi gako nabarmen ikusten ditu: industria sendotzea eta ikerkuntza eta garapena bultzatzea. "Horrekin batera, enplegua sortzeko oso inportantea izango da zerbitzu publikoen ekarpena. Hirugarren ardatza autonomoak, merkatariak eta ostalariak izango lirateke, krisi honetan Jaurlaritzak abandonatu dituenak".

Casanova: "Osasun langile kopurua %10 indartzea da gure proposamena"

Osasun langileen formakuntzaz

Arrietak ohartarazi du osasun krisiak "areagotu" egin dituela Osakidetzan aurrez zeuden arazoak, "hala nola langile eta baliabide nahikorik ez edukitzea". Modu berean, dio osasun krisiak agerian utzi duela lehen mailako arreta indartzeko beharra, "langileek urte asko baitaramate euren egoera geroz eta prekarioagoa dela salatzen, eta arazo horiei konponbide bat eman behar zaie". Casanovak bat egin du horrekin, eta gaineratu du 7.000 lanpostu finko bihurtu behar direla. "Osasun langile kopurua %10 indartzea proposatzen dugu".

EAJko hautagaiak adierazi du pandemiak erakutsi duela osasun sistema publiko "sendoa" dagoela EAEn. "Halere, badago zer hobetu, eta baliabideak boskoiztu egingo ditugu, balizko bigarren olatu bati aurre egiteko".

Arrizabalaga: "Osasun baliabideak boskoiztu egingo ditugu, balizko bigarren olatu bati aurre egiteko"

Atxukarrok gaineratu du osasun langileek "hezkuntza iraunkorra" behar dutela, egoera berrietara egokitu ahal izateko, eta Andueza ados azaldu da ideia horrekin. "Osakidetzako langileen formakuntza hobetu egin behar da, halako egoerei aurre egiteko, baina azpiegiturei ere begirada bat eman beharko diegu", nabarmendu du.

Askotariko gizarte laguntzak

Gizarte politikei dagokienez, Arrizabalagak dio Madrilek eta Kataluniak baino hiru aldiz gehiago bideratu izan duela Jaurlaritzak, azken 31 urteetan, diru-sarrerak bermatzeko errentara. "Halere, orain arteko inbertsioa %30 igotzea da gure konpromisoa, eta kontziliazioa ere funtsezko kezka da guretzat".

EH Bilduk, aldiz, gizarte ekintza sistema oso baten alde egiten du. "Inor atzean ez uzteko sistema berritua, berrantolatua eta indartua proposatzen dugu".

Arrietaren ustez, euskal zaintza sistema publikoa martxan jartzea da inportanteena, "doakoa, osoa eta unibertsala".

Arrieta: "Euskal sistema publikoa martxan jarri behar dugu, doakoa, osoa eta unibertsala"

Sozialistek zaintza sistema indartu gura dute. "Kontziliaziorako ere dirulaguntzak emango ditugu, eta zerbitzu sozialetako inspekzioak gogortu eta sendotu", dio Anduezak.

Autogobernuaren inguruan

"Sakabanatzean gaituena nortasuna da, baina arlo askotan akordio asko lortu ditugu. Beraz, batzen gaituzten gauzei heldu behar diegu, eta horretan oinarrituta, guztiok eroso sentitzen garen estatutu berri bat sortu", adierazi du Anduezak. Casanovak erantzun dio nortasuna bakarrik ez dela zatiketaren eragilea. "Gutxieneko soldata edota beste hainbat eskumen hemen edo Madrilen finkatzea ez da nortasun kontu bat, gure egunerokotasuneko beharrei aurre egiteko tresnak izatea edo ez izatea baizik. Estatus berriak ezaugarri argi bat izan behar du, eskuduntza funts sakona, hemen erabaki ahal izateko".

Andueza: "Estatutu berri bat sortu behar dugu, batzen gaituzten gaietan oinarritutakoa"

Arrizabalagak ere estatus berri baten beharra ikusten du. "Legebiltzarrean badaude oinarri batzuk onartuta, baina adostasunak behar dira, zenbat eta zabalagoak izan, hobeto funtzionatuko duelako. Datorren urterako konpromisoa dago gizarte segurantzari buruzko negoziaketa hasteko, eta beste hainbat konpromiso ere badaude".

Atxukarrok azaldu du gizarteak ondo dakiela Espainia zer den. "Ez dugu inongo zatiketarik nahi". Arrietak, azkenik, dio kontsentsuak behar direla. Gaur egun ezin gara egon duela 40 urte bezala".

Kulturak babesa behar du

Ados daude: kulturak laguntza beharra dauka. EAJko hautagaiak dio laguntzak abian jarri direla. "Batzuek esango dute ez direla nahikoa, baina beharren eta bilakaeraren arabera neurri gehiago hartu beharra badago, hartuko ditugu". EH Bilduk talka plan bat proposatzen du epe laburrera, eta luzera, berriz, aurrekontuaren %1 kultura sustatzera bideratu behar dela uste du. PP-Ciudadanoseko hautagaiak dio herritarrei kultura kontsumitzeko erraztasunak jarri behar zaizkiela bonuen bitartez. "Halaber, kultura arloko laguntzei dagokienez, baldintza ideologikoak baztertu egin beharko lirateke".

Bukatzeko, tokiko hedabideak ere izan dituzte hizpide. Atxukarrok izan ezik, gainontzekoek bat egin dute esanez funtsezkoa dela tokiko euskal hedabideak diruz laguntzea, "egoera zail" horretatik ateratzeko, "ez bakarrik informazio aldetik, baizik eta euskararen sustapenaren alde egiten duten lana garrantzitsua delako". Atxukarrok ez dio erreferentziarik egin gaiari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak