Covid-19aren krisiak zerbitzu publikoetan izan duen eragina "bortitza" izan dela azaldu dute ESK sindikatuko kideek, eta "ongizate kolektiboaren oinarria" kolokan jarri dela: "Etekin pribatua helburu duten ereduek ez dute balio jendarteren zaintza hori bermatzeko. Pribatizazio saiakera guztiak eta klientelismoa gelditzeaz gain, zerbitzu publikoak duindu, berreskuratu, hedatu eta kudeaketa garden eta demokratiko baten pean jartzeko borrokatuko gara".
Funtsean, sektore askoren balioa eta beharra agerian geratu direla esan dute, eta baita horien "funtzio soziala eta ezinbestekotasuna" ere. Hala, sistema publikoa "duintzea" ezinbestekotzat jo dute: "Amankomuna defenda dezagun, duindu ditzagun zerbitzu publikoak eta bide batez publikoan lan egiten duten langileak, haien lan-baldintzak hobetuz, behin-behinekotasunarekin eta prekarietatearekin bukatuz".
Horrez gain, kudeaketa "zuzena, gardena eta demokratikoa" izan dadin eskatu dute, eta baita orain arte pribatizaturiko zerbitzuen birpublifikazioa ere; adibidez, garbikuntzarena, jantokiena edota larrialdi zerbitzuena.