Hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak jaso ditu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 23a, 12:11

'Geroa Euskaratik' adierazpena irakurri du gaur Kontseiluak Donostiako agerraldian. Irudia: Kontseilua

Kontseiluak, bazkideekin egindako lanketaren ostean, Geroa Euskaratik adierazpena sortu du. Bertan, alarma egoerak eragindako "gabeziei" aurre egiteko neurriak aurkeztu dituzte.

Kontseiluak azaldu duenez, euskara eta hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen "geroa" eraikitzen hasteko "urgentziako neurriak" jasotzen ditu adierazpenak: "Dakiguna da krisi honek agerian utzi dituela gure gizartearen gabeziak, eta, ondorioz, zaurgarrienak eta gutxitutakoak izan direla kaltetuenak". Hizkuntza eskubideekiko eta euskalgintzako erakundeekiko "babes falta" salatu dute, baina egoera aldatzeko aukera baliatuko dutela azpimarratu nahi izan dute.

Geroa Euskaratik adierazpenak krisiak sortu dituen kalteak neurtzen dituela azaldu du Kontseiluak eta horiei aurre egiteko "urgentziazko neurriak" ere identifikatu dituztela: "Eskakizun ekonomiko konkretuak baino harago doazen neurriak jasotzen ditu adierazpenak: bide berriak urratzen hasteko erabaki eraikitzaileak eta egingarriak dira proposatutakoak". Esandako neurriak hurrengo hauek dira, besteak beste: aisialdirako ekimen euskaldunak bultzatzea, helduen euskalduntzea doakoa izatea, euskarazko sortzaileentzako araudi propioa lantzea edota ikasleentzako ereduak sakontzea.

Gobernuentzako proposamen zehatzak

Datozen 100 egunak garrantzitsuak izango direla uste du Kontseiluak hizkuntza politikak birpentsatzeko eta krisiaren kalteei aurre egiteko. Horrela, EAEko eta Nafarroako gobernuei "proposamen zehatzak" aurkeztu dizkio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak: "Arloz arlo normalizaziorako egoera berezi honetan behar diren premiazko neurriak hartzeko hainbat proposamen aurkeztuko ditugu".

Elkarlanerako deia ere egin du Kontseiluak "adostasun zabal eta berriak" lortzeko. Kontseiluko bazkideak dira, besteak beste, Elkar, Elhuyar, Berria, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Sortzen, UEU, Osasungoa Euskalduntzen Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Bertsozale Elkartea, Maizpide eta Urratseko ordezkariak. Hala, Geroa Euskaratik dinamikaren leloak ere elkarlanarekin du lotura: "Elkar hartuz eta elkar zainduz soilik lortuko dugu hizkuntza politika berriak eta berdinzaleagoak sortzea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak