Mondragon Unibertsitateak berrikuntza proiektua garatuko du Gipuzkoako eskoletan

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 22a, 16:05

Unibertsitateetako errektoreen eta Foru Aldundiko diputatuen arteko batzarra. Iturria: GFA.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren balantzea egin dute Gipuzkoako unibertsitateek eta Foru Aldundiak. Gipuzkoak gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan izango dituen erronka nagusiez ere jardun dute.

COVID-19ak sortutako egoerari aurre egiteko unibertsitateek egin duten lana balioan jarri du Aldundiak, eta etorkizuneko erronkez ere aritu da Gipuzkoako lau unibertsitateekin. Mondragon Unibertsitatearen izenean Vicente Atxa errektorea eta Jon Altuna errektoreorde akademikoa joan dira. Erakundeek azaldu dutenez, "lankidetza indartzea" adostu dute.

Foru Aldundiak milioi bat euro baino gehiago bideratuko dituela esan du etorkizuneko plangintzarako, baina horrez gain elkarlana ere "beharrezkoa dela" adierazi du Olanok. Horri lotuta, lankidetza hitzarmena berritzea "garrantzitsua" dela esan du Gipuzkoarentzat: "Etorkizuna Eraikiz da akordio horren ardatz nagusia, eta, horri esker, unibertsitateek proiektuari lotutako ikerketa, azterketa eta zabalkunde lanak egiten jarraitu ahal izango dute".

Unibertsitateek ere konpromisoa hartu dutela azaldu dute Etorkizuna Eraikiz Think Tank proiektuan parte hartzeko, eta esan dutenez, hausnarketarako eta esperimentaziorako "espazio komunitarioa" izango da.

Mondragon Unibertsitateak, berrikuntza proiektua

Mondragon Unibertsitateak hizkuntza berrikuntzarako laborategia abian jartzen lagunduko duela aurreratu du. Big Datarekin eta adimen artifizialarekin lotutako ikerketa prozesuetan parte hartuko duela azaldu du: "Gazteen artean ekintzailetzarekin eta enpleguaren etorkizunarekin lotutako ekintza berriak sustatuko ditu, eta berrikuntzarako metodo eta espazio berriak aztertuko ditu Gipuzkoako ikastetxeetan".

Bestetik, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak azaldu duenez, Mondragon Unibertsitateak "bere egiten ditu" Etorkizuna Eraikizen helburuak: "Industria aurreratu bat garatze aldera, baldintza ezinbestekoa da ekintzailetasuna, adimen artifiziala eta mugikortasun jasangarria sustatzea, etorkizunean balio erantsi handiko lanpostuak sortzen jarraitzeko berme gisa". Mondragonek –erakundeekin eta enpresekin lankidetzan–Gipuzkoako eskoletan berrikuntza proiektu bat garatzeko konpromisoa hartu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak