Baldintza bereziekin izan arren, bainu denboraldia hastear da bailaran

Maialen Santos 2020ko eka. 19a, 13:56

Usakoko putzua eguaztenean; urpekarien azterketa pasata, bainulariak hartzeko prest.

Bihar iritsiko da uda, eta, horrenbestez, bailarako igerilekuek bainu denboraldiari ekingo diote, pixkanaka. Aretxabaletako igerilekua zabalik dago; eta gainontzekoek datozen egunetan irekiko dute. Ur-parkeak udari harrera egiteko prestatzen ari dira.

Bihar, ekainaren 20an, egingo zaio ongietorria udari, eta, sasoi horri jarraiki, Debagoieneko bainutokiak azken prestaketa lanak egiten ari dira, pixkanaka zabaltzen joatea helburu.

Igerilekuetan, dena prest

Uztaileko lehen astean zabalduko dituzte Arrasateko kiroldegiko kanpoko igerilekuak, baina baldintza berezietan; ez dute eguneko sarrerarik salduko eta soilik abonatuek erabili ahal izango dituzte. Gehienez, 250 lagun sartuko dira, aldez aurretik txanda hartuta: asko jota, 48 ordu lehenago; eta, beranduenez, bost ordu lehenago. Hala, 09:30 eta 10:30 artean, soilik igeri egitera joan ahalko da –gehienez ere, 16 arituko dira aldi berean–. Eguzkia hartzeko edo bainatzeko lau ordutegi ezarri dituzte: 11:00-13:00; 13:30-15:30; 16:00-18:00; eta 18:30-20:30. Saunak, bestalde, ez dituzte irekiko, momentuz.

Uxarteko igerilekua, ostera, ekainaren 23an irekiko dute, "ziur aski", bertako arduradun Mikel Uribarrenek azaldu duenez. 10:00etatik 20:00etara izango da zabalik. Kontingentzia plan bat egin dute, segurtasun neurri guztiak bermatuta egon daitezen: "Erabiltzaileen segurtasuna indartzea da helburua, segurtasun tarteak mantenduz eta instalazioen higiene neurriak zorroztuz", azaldu du arduradunak. Sarbidea ezberdina izango da, eta uretan zein kanpoan bi metroko distantzia bermatu beharko da une oro. Edukiera ere kontrolatu egingo dute, baita eremu komunen garbiketa eta desinfekzioa "indartu" ere.

Bergaran, bestalde, ekainaren 22an, astelehenean, irekiko dituzte barruko zein kanpoko igerilekuak. Azken hauek jolasik gabe irekiko dira, legeak txirrista eta iaz instalatu ziren kanpoko umeen txorrotak itxita izatera derrigortzen du eta. Kanpoko igeritokia egunero egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara –14:30etik 15:30era itxi egingo da garbiketa egiteko–; 525 laguneko edukiera izango du, eta eremua zabalik dagoenean erabili ahal izango dira ohiko berdegunea eta Ipintza futbol zelai erdia eguzkia hartzeko. Kanpoko igeritokiko erabiltzaileek, baina, ez dute aldagelarik izango. Igerilekura sartu ahal izateko txanda sistema jarriko dutela azaldu du Kirol zinegotzi Aitor Arantzabalek. Abonatuek astebete lehenago har dezakete txanda eta eguneko erabiltzaileek, egunean bertan.

Aretxabaletako igerilekua da dagoeneko zabalik dagoen bakarra. Astelehen honetan zabaldu dituzte ateak –joan den astean kiroldegia ireki eta gero–. Astelehenetik aurrera honako ordutegi hau izango du igerilekuak: astelehenetik egubakoitzera, 08:00-14:00 eta 16:00-21:00; eta zapatuetan, 10:00-14:00 eta 16:00- 20:00. Udaletik adierazi dute ez dela beharrezkoa izango aurretiko hitzordua eskatzea, baina edukierak eta denborak mugatu egingo direla. Igerilekuak goizeko ordutegian 25 erabiltzaile hartuko ditu; arratsaldean, 35.

Eskoriatzan, azkenik, uztaileko lehen astean irekiko dute kiroldegia, eta horrekin batera igerilekua. Txandarik ez dute egingo, baina "segurtasun neurri guztiak" hartuko dituztela adierazi dute Udaletik. Horretaz gain, azaldu dute irekiera data "atzeratu" egin dutela; zabaltzerako orduan edukiera mugak malguagoak izan zitezen.

Usako ere astelehenean

Astelehenean, ekainaren 22an, zabalduko dute Usako. Aurten, gainera, bi sorosle eta zaintzaile bat jarriko dituztela azaldu du Udaleko Kirol zinegotzi Maite Antonek; bi horiek, ur eremua kontrolatzeko, eta zaintzailea, aldiz, gune osoa zaindu eta "segurtasun neurriak" betetzen direla ziurtatzeko. 15:00etik 21:00etara izango dira sorosleak eta zaintzailea Usakon. Dagoeneko urpekariek egin dute azterketa, eta belarra ere moztu dute. Azkenik, zakarrontziak jarri dituzte inguruetan.

Ur-parkeak, prestatzen

Oñatiko ur-uhinen parkea uztailaren 1ean zabalduko dute, ziur aski. Maite Antonek adierazi du aurten "begirale bat" jarriko dutela bertan, eta txandak egingo dituztela, "aglomerazioak" saihesteko. Hala, ordu erdi inguruko txandak zehaztuko dituzte, eta 15 ume inguru egon ahal izango dira aldi berean parkean. Ordutegia honako hau izango da: goizez, 11:00-13:00; eta arratsaldez, 15:00-20:00. Horretaz gain, parkearen "funtzionamendua hobetzeko", oinezko ibilbideak "hobetu" dituzte, baita heskaia landatu ere.

Antzuolan, Sagasti auzoko ur-jolas-parkea datorren astean, martitzenean, zabalduko du Udalak. 10:00etatik 20:00era bitarteko ordutegia izango du, eta begiraleak jarriko dituzte bertan, neurriak "zorrotz" betetzen direla ziurtatzea helburu (Ikus 44. orria).

Arrasateko ur-parkea asteon inauguratu dute, Santa Barbara parkean. Udaletik azaldu dute "egoerak uzten badu" uztailean zabalduko dutela. 300 metro koadro eta 21 ur-joko izango ditu parke berriak (Ikus 11. orria).

Azkenik, Aramaioko ur-parkea ere zabaltzeko asmoa dutela azaldu dute Udaletik, baina aitortu dutenez, ireki ahal izateko baldintzak zehazteko "lanean" ari dira oraindik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak