Esti Besa: "Txingorrak kalte handiak eragin dizkigu mahastietan"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko eka. 19a, 13:00

Aretxabaletara etorritako Arabako Errioxako Besa familiakoa da Esti Besa. 11 urterekin etorri zen gurasoekin Aretxabaletara. Baina jaioterrira, Villabuenara, egin zuen familiak, lehenbizi, eta berak ostean. 30 urte daroatza Candido Besa upategian. Upategiaz, sektoreaz, eguraldiaz eta COVID-19az dihardu. 

Martitzeneko kazkabarrak gogor jo du zuenean ere?
Bai, bai. Bost minutu izan ziren, baina harriak kalte handiak eragin digu. Gure mahastien erdiari eragin dio. 8 hektarea eta erdi mahasti daukagu. Aseguruekin orain jarriko gara harremanetan balorazioa egiteko. Azkeneko 10 urteetan, uzta bat edo bi bakarrik izan ditugu normalak. Bermudetako Triangeluan gaude gu: Leza, Nabaridas, Villabuena; batzuetan Samaniego ere hartu izan du ekaitzak.

Asko aldatu dira Arabako Errioxako lurrak eta paisaia zure aitona-amonen garaitik?
Bai. Gaur egun, batez ere, mahastiak daude, monolaborantza da. Lehen, bazeuden fruta-arbolak, animaliak, zerealak, olibondoak, almendrondoak… Eta lur jabe gutxiago zegoen. 

Irakaskuntzan aritakoa zara. Zergatik heldu zenion upategiari?
Iruñera Nekazaritza Ingeniaritza ikastera joan nintzen eta han ezagutu nuen nire bikotekide Lorentxo [Gorroño]. AEKn hasi ginen eta 1991n Villabuenara joatea erabaki genuen aitarekin upategira. Era berean, 2000. urtera arte euskara irakaskuntzan aritu nintzen IKAn, Arabako Errioxan. 

Ardo ekologikoa egiten duzue. Zergatik?
Aitarekin batera hasi ginen. Enologia ikasketak ere egin nituen. Denborarekin ohartu ginen ongarriekin-eta kalteak eragiten geniela lurrari. Mahasti-sail batekin hasi ginen eta urrera egiten genuen, ohartu ginen lurrari egindako kalteak arinagoak zirela. 2007tik ari gara ekologikoan. Ikasten ari gara. Gaitzei nola aurre egin, lurra nola zaindu… Sinisten dugu honetan, nahiz eta eguraldiaren mendean gauden beti. Semea eta haren lagun bat ere hasi dira orain eta jarraitzen dute ohiturekin. 

Bereziki Arabako Errioxako ardoarekiko interes eta atxikimendurik badago?
Uste dut erakundeek gehiago egin dezaketela. Txakolina, sagardoa, labeleko okela… denak dira bertakoak; Arabako Errioxako ardoa, berriz, hemen kontsumitzen den ardo guztiaren %15 bakarrik da.

Basque Wine marka sortu du sektoreak, Jaurlaritzarekin batera. Ondo deritzozu?
Bertako ardoa sustatzeko ekimenak ondoetorriak dira, baina ingelesezko berbarekin? Ez dakit gehiago salduko den… Dena den, ez dakit ziur ekimen hau benetakoa den. Ona da bertako ardoak bereiztea, identifikatzea… Baina nola egin behar dugu? Errioxa sor markaren barruan gaude eta ez digute uzten Basque Wine etiketa jartzen gure ardoei. 

Arabako Errioxako upategiak badaroatzazue urte batzuk Errioxa sor markatik bereizi guran. Nola dago kontua?
Egin dira urratsak, baina Espainiako Gobernuaren eskuetan dago kontua. Gure agintarien ordua da. Presio egin dezatela. Baina ez naiz baikorra. Sektoreak egin du bere lana, estatutuak, arauak… Orain, beste batzuek erabaki behar dute. 

Zergatik bereizi?
Gurea beste eredu bat delako. Ingurua, orografia, eguraldia… bestelakoa da; lursailak eta produkzioa txikiagoak, upategiak ere bai… Eta, gainera, egoera honetan, azkeneko 8 urteetan 300-400 upategi txiki desagertu dira Arabako Errioxan. Ekoizle txikiek mahatsa upategi handiei saltzen diete.  Gainera, gurako lukeena sartuko litzateke sor marka berrian eta gurako ez lukeena ez.

Non saltzen duzue, eta nori, batik bat?
Bertan, gertuan, saltzen dugu. Zero kilometroaren alde egiten dugu. Gure izaerarekin bat dator. Gainera, ardoa guk geuk banatzen dugu, bitartekaririk barik: Aretxabaletako hiruzpalau tabernatan, Arrasate eta Bergarako Ereindajan dendetan… Ez dugu esportatu gura. 

Zela eragin dizue COVID-19 izurrite honek?
Lanean aritu gara, jo eta ke, udaberria lan handiko sasoia delako mahastietan. Salmentari dagokionez, galera batzuk izan ditugu, taberna, jatetxe eta halakoetan ere saltzen dugulako, baina gure izaerarengatik, kontsumo taldeetan, elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduan eta halakoetan ari garenez, gehiago saldu dugu, gertuko eta zero kilometroarekiko kontzientzia handiagoa izan delako. Oro har, esango nuke %20-30eko galera eragin digu koronabirusak. 

Bisitariak hartzen hasi zarete?
Bai. Ondo moldatu gara, gustura, protokoloari kasu egiten. Jendea gogoarekin dago eta ematen du aurten jendea gutxiago aterako dela Euskal Herritik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak