Serologia bidez 2 kasu hauteman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, baina ohi baino proba gutxiago egin dituzte; guztira 61. Bestetik, negatibizatutako kasuak 10 izan dira, eta alta eta ospitaleratze bana erregistratu dira azken orduetan. Bestalde, atzo 4 lagun zendu ziren, eta R0 datua 1,33koa da.
Murgaren balorazioa "positiboa" da
3. fasean sartu eta astebetera, balorazioa egin du osasun sailburuak, eta emaitzak "ezin hobeak" direla azaldu du. Egoera "onean" dago EAE Murgak azaldu duenez, eta beraz, ez du oztoporik ikusten datorren astean "hurrengo pausua" emateko: "Egoera, zalantzarik gabe, ona da, eta hortaz, alarma egoeratik irtengo garela ziurtatu dezakegu".
Aita Menniko egoeraren bilakaera
Kazetarien galderei erantzunez, Murgak Aita Menniko egoerari jarraipena egiten ari direla esan du, eta kasu horri lotuta ez dela beste positiborik atzeman. 48 PCR egin dituzte guztira, eta hainbat lagun bakartuta daude une honetan. Aita Mennik bere aldetik, ohar bidez jakinarazi du ospitaleko beste 4 langileri proba berriak egiteko eskatu dutela. Bestetik, prebentzio-neurri gisa, senideen bisitak etenda daude oraindik.
Gaur hasi da "bainu denboraldi ofiziala"
Murgak azaldu duenez, gaur hasi da ofizialki bainu denboraldia EAEko kostaldean, eta horri lotuta 3 jarraibide eman ditu: hondartzara joan aurretik zer egin daitekeen eta zer ez irakurtzea, uretan nahiz hondarretan 2 metroko distantziak mantentzea eta sintomarik izanez gero, etxean geratzea.
Nafarroan, positiborik ez
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, ez da positiborik ezta heriotzarik ere erregistratu azken orduetan. Ospitaleratuei dagokienez, une honetan 40 lagun daude ingresatuta Nafarroan: 32 plantan, 6 ZIUn eta 2 etxean.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.