Kutsatuen artean, ospitaleko arreta behar duen egoiliar bakarra dago eta beste hirurak Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan daude. Bestalde, adinekoentzako eguneko zentroak apurka-apurka irekitzen ari diren honetan, kasu positibo bat antzeman da Orioko eguneko zentroan. Eider Mendozak azaldu duenez, Foru Aldundiko talde bat PCR probak egiten ari da eguneko zentroetako erabiltzaileei, eta orain arte lortutako 255 emaitzetatik, positiboa eman du Orioko bizilagun batek, eguneko zentroko erabiltzailea dena eta sintomarik ez dituena. "Berehala jarri da martxan zaintza epidemiologikorako protokoloa, eta Osakidetza eta Osasun Publikoa kasuaren jarraipena egiten ari dira".
Eider Mendozak "zuhurtziaz eta erantzukizunez" jokatzeko mezua zabaldu du, eta azpimarratu du "prebentzioan eta COVID-19aren bilakaera azkarrari erantzuteko gaitasunean sakontzen dihardutela". Bestalde, zentro eta zerbitzu sozialak "kutsatzeko bektore komunitarioak" ere izan daitezkeela gaineratu du, eta, horregatik, "funtsezkoa da une bakoitzean benetako egoera zein den jakitea, erantzun azkar bat emateko eta birusaren aurrerapenari ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean eusteko".