Futbola da, baina egoera 'berrian'

Xabier Urtzelai 2020ko eka. 12a, 18:00

Goitik hasita, ezkerretik: Asier Garitano, Andoni Azkargorta eta Andoni Gorosabel. Behean, Aitor Fernandez, Haritz Gallastegi eta Rafa Mungia.

Futbolaren itzulerak itzala egingo dio baita azken hilabeteotan albiste izan den Covid-19ari ere. Entrenatzaile eta jokalari denek dituzte egoera berriaren gainean zalantzak. Birusak baino, berdegunean txarto hasteak eragiten die ikara.

Lerro hauek irakurri orduko, futbola interesatzen ez zaion horrek ere izan du Sevillaren eta Betisen arteko derbiak emandakoaren berri. Norgehiagoka horrekin ekin, edo berrekin diote ligari, eta 28. jardunaldian hasi dituzte ostera ere lanak, martxoan COVID-19aren erruz dena bertan behera geratu eta gero. Ondoko erreportajean, GOIENAk futbolaren buletan ibarreko profesionalak batu ditu, izan entrenatzaile, jokalari ala kazetari. Eta denek nabarmendu dute gauza bera, egoera berria dela guztiendako. Eta noski, horrek zalantzak sortzen ditu beti; bereziki, horrenbeste jokoan dagoenean.

Asier Garitano, Alavesko entrenatzailea: "Egoera berrira ondo egokitzen den taldeak aurrera egingo du" 

Geratzen diren hamaika jardunaldien gainean zuhurtziaz egin du berba Asier Garitanok (Bergara, 1969), eta formatu ezezagun honen aurrean "arrisku" berba erabili du behin eta berriro: "Hilabete batean hamaika partidu jokatzea asko da, ez gaude horretara ohituta, eta egoera berrira azkarren egokitzen direnek aurrerapauso handia emango dute". Talde babazorroa ez dago atzeko postuetatik irteteko borroka estuan, oxigenoa ematen dioten zazpi puntuko aldea du. "Baina akats handia izango litzateke horretan zentratzea; hau da, ezin da erlaxatzeko motiboa izan. Hasten bagara pentsatzen zazpi puntuko koltxoia daukagula. Denek dugu asko jokoan, behean daudenek dagoeneko ez dute askorik galtzeko eta dena dute irabazteko, eta guk topera hasi beharko dugu hasiera-hasieratik, sufritu egingo dugu bestela".

Hala, entrenatzaile guztiek zalantza handiak dituzte egunotan: "Taldea ondo entrenatzen dabilela ikusten dugulako, baina lehia beste kontu bat da, beste intentsitate batekin jardun beharko dugu. Eta hor dugu zalantza". Eta gainontzeko entrenatzaileak moduan, lesioen beldur da bergararra. "Bost aldaketa egin genitzake, baina talde handiek postu berean maila oso handiko pare bat jokalari dituzte, eta talde txikietan, ordea, jokalari garrantzitsuek min hartzen badute edo atseden hartu behar badute, asko igartzen da", gaineratu du. Badaki, gainera, publiko barik jokatzeak ez diela mesederik egingo: "Gure garaipenen %70 inguru etxean lortzen dugu, pentsa ze garrantzitsua den guretako etxeko zaleen aurrean jokatzea; eta orain ez da halakorik egongo. Baina nork daki; akaso, etxetik kanpora jokatzea ez da orain arte moduko gogorra izango, eta puntu gehiago batzeko kapaz izan gaitezke".

Andoni Azkargorta, Eibarko entrenatzaile laguntzailea: "Taldeek munduko txapelketan ere ez dute horren jarraian jokatzen" 

Baikorra da Andoni Azkargorta (1978), eta uste du jaitsiera postuak bi puntura badituzte ere puntu horiek izatea abantaila moduan hartu behar dutela: "Irakurketa asko egin daitezke hor, baina hamaika jardunaldi hauek abantaila txiki batekin hasten ditugu, nahiz eta gure neurria ematen ez badugu ez duten ezertarako balioko". Mendilibarren laguntzaileak ondo daki zer dagoen jokoan, eta kontziente da oraindik inork ez dituela etxeko lanak egin: "Oraindik inori ez zaizkio kontuak ateratzen. Goian daudenek ez dute ezer lortu, erdian daudenek badakite 33 puntu asko direla eta gauzak ondo eginez gero Europan jokatzeko aukera izan dezaketela, eta atzealdean gaudenok... Zer esan, hil ala biziko borroka izango dugu.

Eibarko jokalari Enrich eta De Blasis aste barruan Atxabalpen. X.U.

Horregatik, lauzpabost jardunaldi barru baliteke talderen batek baino gehiagok ordurako ezer ez izatea jokoan, baina, oraingoz, denak hasiko gara topera". Hala, hilabete honetan partidu batetik besterako errekuperazioan jarri du fokua Azkargortak: "Hor egongo da klabea. Egoera berria da guztiondako, munduko txapelketetan ere ez dute taldeek horren jarraian jokatzen, eta partidu batetik bestera entrenatu baino gehiago, errekuperatu egin beharko dugu ondo".

Andoni Gorosabel, Realeko jokalaria: "Realean erakutsi dugu zelaian egon garen guztiek egun dugula ekarpena"

Talde txuri-urdineko atzelariak kontratua berritu berritan ekingo dio ligari ostera ere: "Konfinamendu egoeran hasteko gogoz banengoen, pentsa orain, lanean jarraitzeko deseatzen nago". Gorosabelek aste hauetan ondo ikusi ditu taldekideak: "Oporretan ere ez gara egoten horrenbeste denbora geldi, baina, kontrara, klubetik bidali dizkiguten etxeko lanak ondo bete ditugu, eta psikologikoki ere ez dugu deskonektatu. Horrek guztiak lagundu du lanera bueltatu garenean maila politean egin dugula. Ez dut abuztuan izaten dugun sentsazioa izan, egoera ezberdinak dira".

Gorosabelek aste barruan berritu du Realarekin duen kontratua. Argazkia: Real Sociedad.

Arrasatekoa dagoeneko domekara begira dago. "Derbi berezia izango da Osasunaren kontra jokatuko duguna, Anoetako harmailak hutsik egongo dira, eta hori igarri egingo dugu. Lehen, atletismo pistekin, akaso, gurea zelai hotzagoa zen, baina aurten, zaleen bultzada izugarri igarri dugu". Hala, hilabetean horrenbeste partidu jokatu behar izateak erakusten du entrenatzaileak jokalari guztien beharra izango duela, eta Gorosabelek aukera izan dezake hor: "Aurten jokatzea garesti egon da, baina talde osoa egon da maila onean, uste dut denek egin dugula ekarpena, eta hori albiste ona da geratzen diren partiduetarako".

Aitor Fernandez, Levanteko atezaina: "Bundesligan ikusten gabiltza edonork eman dezakeela ezustea"

Aitor Fernandezek (1991) Levante aldean martxora arte egindako lana ez da oharkabean pasa –ligan geldiketa gehien egin duen atezaina da–, eta bistakoa da hainbat klubek fokua jarri dutela arrasatearrarengan. Arrasatekoa, baina, zurrumurruetatik harago, egunerokoan dago zentratuta: "Zalantza handiak ditugu denok, eta hemen ez dago erritmoa hartzeko tarterik, hasieratik joan behar dugu topera. Denbora asko egon gara geldirik, baina ezin dugu beste denboraldi-aurre batzuetan izaten ditugun sentsazioekin alderatu; gu, behintzat, hobeto gaude".

Gertatu daiteken horren gaineko erreferentzia bat izateko edo, taldekideekin batera atezain arrasatearra Bundesliga gertutik jarraitzen dabil: "Akaso, talde handiak beste maila batean daude, baina Alemanian ikusten dabiltza edonork eman dezakeela ezustekoa". Hala, Levantek 33 puntu ditu, jaitsiera postuak zortzi puntura dituzte, baina oraindik ez dituzte lasai egoteko etxeko lanak egin. "Uste dut geldialdi honek abantaila emango diela jaitsiera postuetan dauden taldeei. Horiek dena dute irabazteko, eta duela hiru hilabeteko dinamika positibo edo negatiboek dagoeneko ez dute ezertarako balio, hutsetik hasiko gara denok. Horregatik, behean dauden taldeetako batek fase berri hau ondo hasten badu, aurrerapauso handia emango du. Kontrara, sailkapenean apur bat gorago dagoen edonor zalantzekin hasten baldin bada, eta hasierako bizpahiru jardunaldietan ez badu punturik batzen, arazoetan sar daiteke".

Haritz Gallastegi, Euskadi Irratiko kazetaria: "Kirol saioak beste patxada eta ikuspuntu batetatik egiten ibili gara" 

Euskadi Irratiko kazetari Haritz Gallastegiri (1975) ligaren itzulerak ez dio eztarria hotz harrapatuko, konfinamendu egoeran ere berdin jarraitu du-eta mikrofono aurrean lanean: "Beno, berdin-berdin ez, agendari eta emaitzei horren lotuta egon barik kirol kontuei beste modu batean heldu diegulako, beste patxada batekin landu ditugu gaiak, eta esango nuke nahiko saio txukunak egin ditugula, gustura geratu gara. Gainera, kirolari guztiak etxean egon dira, lehenengo saiakeran hartzen zuten telefono deia, eta kirolariak eurak beste prestutasun batekin sumatu ditut, aldarte hobean hartu gaituzte, eurak ere eguneroko zurrunbilotik kanpora egon dira eta. Hala, garbi dago horrela ezin gaitezkeela bizi osoan egon, baina konfinamendu egoeratik gauza positiboak ere atera ditut nik".

Hain zuzen, partiduaren zuzeneko kontakizunak sortzen duen zirrara hori sentitzeko gogoz da Gallas: "Eta geratzen diren partiduek zer emango duten ikusteko gogoz ere bai, hau guztia berria delako denondako. Talde guztiek dute asko jokoan, dena, eta ea nor moldatzen den ondoen egoera berrira". Komunikabideek, baina, bestetan baino zailtasun handiagoak izango dituzte lanerako. "Batetik, egia da irratian, akaso, ez dela horrenbeste igarriko futbol zelaiak hutsik daudela. Telebistan zailagoa da hori disimulatzea, baina ikusteko dago futbol zelaietara joan ahal izango garen ala ez. Tebasek erabaki du bost irratirendako lekua baino ez dela izango, eta San Mamesen 25 egoten gara; horrenbestez... Segurtasunaren izenean dena kontrolpean izan gura dute".

Rafa Mungia, Euskadi Irratiko kazetaria: "Badirudi etxean jokatzeak ez duela abantaila handirik emango" 

Elkarrizketa egin baino apur bat lehenago jaso du Rafa Mungiak (1975) domekan Anoetan egon ahal izango den baieztapena: "Ez du zentzurik irratien sarbidea mugatzen ibiltzeak. Jokalariak Anoetan 200 metrora izango ditugu; gainera, COVID-19 gaitza ez dugula frogatu behar dugu. Kazetariok geroago eta zailtasun handiagoak izaten ditugu lanerako. Gainera, orain horrenbeste neurri zorrotz, eta lau aste barru ikusleak sartu gura dituzte harmailetara, ez du zentzurik".

Arrasatekoa egoera berri honek ekarriko duena ikusteko gogotsu dago: "Alemanian gauza bitxi batzuk gertatu dira. Etxean jokatzea ez omen da horren erabakigarria izango, eta, entrenatzaileek bost aldaketa egin baditzakete ere, han ez dituzte aldaketak agortzen, ikusiko dugu hemen". Hala, Mungia domekako derbira begira dago dagoeneko: "Berez, Osasuna baino gehiago da Reala, talde osoagoa du eta ordezkoen aulkian dauden jokalarien artean ere Realak badu non aukeratu. Nafarrek, gainera, min hartutako hainbat jokalari dituzte".

Gizonezkoen futbola da bueltatu dena, ez emakumezkoena

Bazirudien aurtengo denboraldian emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren artean dagoen aldea txikitzeko aurrerapausoak ematen zebiltzala, baina irudikeria baino ez da. Esaterako, orain, gizonezkoen ligak baino ez dituzte berrekingo. "Alemanian emakumezkoak ere jokatzen dabiltza, baina hemen ez. Halakoek erakusten dute zoritxarrez hemengo errealitatea zein den. Gizonezkoen futbolak diru asko mugitzen du, eta hor bakarrik egin dute ahalegina", adierazi du Rafa Mungia kazetariak.

Vanesa Gimbert bergararrak beste urtebete egingo du Athleticen. Argazkia: Athletic club 

Aste barruan jakin da Espainiako Federazioak emakumezkoen futbolari "profesionalizatutako" izendapena eman diola, baina emakumezkoen kluben elkarteak adierazi du horrek ez duela egoera aldatzen. "Amateur mailako futbola izaten jarraituko du, ez da ezer aldatu", adierazi du ACFFk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak