Gorka Urtaran buru duen Eudeleko Batzorde Betearazleak, gaurko bileran, udalekuei buruz orain arte emandako gomendioak fase berrira egokitu dituzte. Udalekuak antolatzeko aukera egongo bada ere, udalek aurreko urteetan baino denbora gutxiago izango dutela kontuan izanik, Eudelek eskatu du "baliabide gutxien dituzten familietako haurrentzako plazak lehenesteko". Ildo horretan, udalekuen "eginkizun soziala" gogoratu du.
Horrez gain, Udalek COVID19 aparteko funtsetan parte hartu behar dutela ere aldarrikatu du batzordeak. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa "premiaz deitzeko" eskatu du, Estatuarekiko aldebikotasun-harremanaren esparruan, EAEk Estatuan eta Europan sustatuko diren COVID osteko berraktibaziorako ezohiko funtsetan –Europar Batasuneko Next Generation plana– parte hartu ahal izan dezan.