Egin diren azken 1.206 test azkar edo serologikoek 43 positibo hauteman dituzte. Kasu honetan, ordea, Osasun Sailak ez du jakinarazten non egin diren proba horiek eta ezta positiboak non erregistratu diren ere; hala, ezin da jakin bailaran serologia bidez hautemandako kasu berririk ote dagoen.
Ospitaleei dagokionez, hobetu egin da egoera, izan ere, 12k jaso zuten alta atzo eta 38 izan ziren ezeztatutako kasuak. Bestetik, PCR positibodun ospitaleratze bakarra erregistratu zen, eta ZIUn daudenak 18 izaten jarraitzen dute.
Bestalde, R0 edo birsorkuntza tasa atzo baino txikiagoa da, baina oraindik arriskutsua da: 1,88ko zifra erregistratu zen atzo. Zifra horrek gaixorik dagoen pertsona batek batez beste kutsa ditzakeen pertsonak adierazten ditu, eta 1 baino handiagoa bada pandemia zabaltzeko arriskua dagoela esan nahi du.
Nafarroako datuak, eguneratzeke
Ministerioak arratsaldeko 17:00ak aldera argitaratzen ditu aurreko eguneko emaitzak. Horrenbestez, Nafarroako bilakaeraren berri emateko, albiste hau arratsaldean eguneratuko da.