COVID-19 gaitzak kutsatutako adinekoak dituen Gipuzkoako egoitza bakarra Aretxabaletako GSR Debagoiena da. Atzo hiru sendatu zirela adierazi du Foru Aldundiak, baina berri batek positibo eman du, hortaz, lau lagun dira gaur gaurkoz, diagnostiko positiboa dutenak. Azken orduetan positibo eman duen pertsona ospitaleratuta dago, eta beste hirurak egoitzan bertan ari dira artatzen.
Eider Mendoza bozeramaileak azpimarratu du 30 egun bete direla gaur Gipuzkoako egoitzetan azken heriotza eman zenetik eta, gaur arte, guztira, 392 adinekok (%69,6) gainditu dutela COVID-19a, 167 pertsona hil direla (%29,7) eta lau daudela positiborekin (%0,7).