Mugikortasuna
EAEko lurralde historikoen artean, hau da, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan mugarik gabe mugitu ahal izango da.
Jarduera fisikoari dagokionez, adinekoentzako ezarritako lehentasunezko tarteari eutsi egingo diote, hau da, 10:00tatik 12:00tara eta 19:00tatik 20:00tara. Dena den, beste ordu tarteetan ere irten ahal izango dute.
Garraioa
Bidaiarien lurreko (trenbidea eta errepidea) garraioetarako maiztasunak eta edukierak % 100ean berreskuratu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidego barruan.
Ibilbide osoan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta pertsonen artean segurtasun-distantzia mantentzen saiatu beharko da.
Familia- eta gizarte-bilerak
Gehienez ere 20 laguneko familia- eta gizarte-bilerak egin ahal izango dira etxebizitza eta lokal pribatuetan edo erabilera publikoko espazio irekietan, beti ere, osasun-agintariek ezarritako babes pertsonaleko eta distantzia fisikoko arauak errespetatuta.
Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak
Haurtzaindegiak eta haur-eskolak ireki ahal izango dira 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat, gehienezko edukieraren edo ratioaren% 60ra mugatuta.
Haur eta gazteei bideratutako aisialdiko jarduerak berriro hasi ahal izango dira edukiera-muga hauekin:
- Aire zabalean: gehieneko edukieraren% 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 200 lagun izango dira, monitoreak barne.
- Gune itxietan: gehieneko edukieraren% 60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 80 lagun izango dira, monitoreak barne.
Bi kasuetan, jarduerak egiten diren bitartean, parte-hartzaileak gehienez ere 15 laguneko taldetan antolatu beharko dira, monitoreak barne.
Herrietako jolas-parkeen irekiera Udal bakoitzaren ardura izango da.
Hezkuntza
Ibaiondo adingabeen barneratze-zentroan eta Ospitaleko, Etxeko eta Hezkuntza Terapeutikoko hezkuntza-arretarako lurralde-zentroetan hezkuntza-jarduerari eta aurrez aurreko prestakuntzari berrekitea zehaztu da.
Hezkuntzaren eta unibertsitate-prestakuntzaren arloan, EAEn kokatutako unibertsitateek aurrez aurreko jarduerak egin ahal izango dituzte. Era berean, etengabeko prestakuntza, titulazio ez-ofizialak eta profesionalentzako jarduerak malgutu eta garatu ahal izango dira.
Bikaintasuneko ikerketaren esparruan, bai eta ikerketa eta administrazioa laguntzeko gainerako laborategi eta zerbitzuetan ere, jarduera presentzial osoa baimenduko da.
Araututako jarduera guztiak osasun-agintariek adierazitako eta aplikatu beharreko araudiaren araberako osasun-, segurtasun-, babes- eta higiene-neurriak errespetatuta egingo dira, bai erabiltzaileena aldetik baita langileei dagokienez ere.
Ostalaritza, turismoa, elkarteak eta merkataritza
Merkataritza-establezimendu eta lokalak, minoristak, azoka txikiak, merkataritza-zentro eta parkeak: gehieneko edukiera %60koa izango da, eta halakorik balego, espazio komunetan eta jolas-guneetan ere errespetatu beharko da.
Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuak: edukiera-muga kentzen da, baldin eta mahaien edo, mahai-multzoen artean bi metroko distantzia egokia bermatzen bada. Horietan, barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko distantzia fisikoarekin.
Diskoteka eta gaueko tabernek itxita jarraituko dute.
Hoteletako eta turismo-ostatuetako eremu komunak, %60ko edukiera-mugarekin, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantziari eutsita.
Turismo aktiboko eta izaera eta jarduera fisikoko jarduerak: jarduera horiek gehienez 30 pertsonarekin egin ahal izango dira, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia errespetatuz.
Kultura-jarduerak, aisialdia eta azoka-esparruak
Liburutegietan, museoetan, azoka-esparruetan, erakusketa-aretoetan eta zinemetan gehienezko edukiera %60koa izango da.
Leku itxietako kultura-jardueretan: %60koa izango da baimendutako gehieneko edukiera, eta gehienez ere 80 pertsona; aurrez erreserbatuta egongo da besaulkia.
Aire zabaleko kultura-jardueren kasuan, %60ko izango da baimendutako gehienezko edukiera, eta gehienez ere 1.000 pertsona; eserlekua aurrez erreserbatuta egongo beharko da.
Kirola
Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, % 60koa izango da baimendutako gehienezko edukiera. Aldagelak eta dutxa-guneak erabil ahal izango dira, pertsonen arteko gutxieneko distantzia errespetatuz.
Talde-entrenamenduei berrekitea baimenduko da, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, arrauneko, banku finkoko eta pilotako kiroletan, diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera lehiaketen hasiera prestatzeko.
Gainerako kirol-diziplinetan, taldean praktikatzea eta entrenatzea baimenduta dago, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia betez gero.