Laguntza inoiz baino beharrezkoago dute orain, behartsuenek

Maialen Santos 2020ko eka. 5a, 11:09

Oñatiko Elikagaien Elkartasun Proiektuko boluntario bat, familia bati elikagaiz betetako kutxa ematen.

Oñatiko Elikagaien Elkartasun Proiektuko boluntarioek 109 familia laguntzen dituzte egunerokoan. Bailarako Caritasek jasotako eskaerak "nabarmen" hazi dira COVID-19 gaitzaren eraginez, eta Bergarako Elikagaien Bankuan ere "gogor" ari dira lanean.

Baliabide faltarengatik egunerokoan laguntza ekonomiko edota soziala behar duten pertsonen egoera are gehiago zaildu da azken asteetan, COVID-19 gaitzaren eraginez. Diru-sarrerarik apenas duten familiek inoiz baino gehiago behar izan dute laguntza; eta langabezian geratu eta laguntza eskatu behar izan duen familiarik ere egon da. Era berean, bailarako eragile ezberdinak "inoiz baino gogorrago" ari dira lanean, pertsona zaurgarrienen premia guztiak asetzea helburu.

Otorduak egunero banatzen

Oñatiko Elikagaien Elkartasun Proiektuko boluntarioak –Acesma elkartearen barruan– "atsedenik gabe" aritu dira lanean koronabirusaren krisia hasi zenetik. Bertan koordinatzaile lanetan diharduen Ibis Rodriguez boluntarioak GOIENAri azaldu dio krisia hasi aurretik martitzenetan eta egubakoitzetan banatzen zizkietela elikagaiak beharra zutenei; gaitzaren eraginez, ordea, bazterketa soziala sufritzeko arriskuan daudenak gehiago dira, eta, hortaz, banaketa arratsaldero egiten dihardute orain: "Duela gutxira arte, 78 familia laguntzen genituen, eta orain, 109. Guztira, 280 lagunek jasotzen dute gure laguntza".

Elikagaien Elkartasun Proiektuari esker laguntza "egunero" jasotzen duenetako bat da Amada Aguiar. GOIENAri azaldu dionez, bost lagun bizi dira etxean, eta dio laguntza jasoko ez balu egoera "zailean" biziko liratekeela. Hala ere, dio koronabirusak ez duela bere egoera askorik aldatu: "Gutxienez, krisiak iraun bitartean lanean jarraitu ahal izan dut, ordu gutxi batzuez bada ere". Nancy Barberoren egoera antzekoa da; berak ere egunero jasotzen du laguntza, baina langabezian dago, "lan bila" ari den arren. Berak aitortu moduan, dohaintzan jasotzen dituen elikagaiei esker ez balitz, bere egoera "kritikoa" litzateke: "Seme bat dut etxean, eta berak kezkatzen nau gehien".

Ibis Rodriguezek aitortu duenez, eskaria "nabarmen" handitu da azken boladan; eta horrek esan gura du baliabide eta elikagai gehiago behar izan dituztela. Gauzak horrela, beste erakunde batzuetatik etorritako errefortzua jaso du taldeak; Gurutze Gorriari esker 5.000 kilo elikagai banatu dituzte – udaletxeko brigadaren laguntzaz–; eta Bergarako elikagai bankuaren laguntzaz, beste 2.000 kilo. Oro har, Rodriguezek azaldu du beste elkarte batzuekin "sarean" lan egitera ohituta daudela, eta "elkarlana" dutela oinarri. Boluntario taldeari buruz galdetuta, adierazi du talde "polita" aritzen dela lanean, eta "eskertzekoa" dela egunerokoan egiten duten lan guztia.

Caritas ere laguntzen

Caritasen ere igarri dute gaitzaren eragina, boluntario lanetan aritzen den Horazio Argaratek azaldu duenez: "Jende askok behar izan du laguntza; kasu honetan, baita psikologikoa ere". Horren harira, dio Caritaseko boluntarioak pertsonengandik "gertu" egoten saiatu direla, baita "lasaitasuna" ematen ere. Rodriguezekin bat dator Argarate, eta aitortu du azkenaldian laguntza eskaerak "izugarri" hazi direla eta telefono dei asko jaso dituztela "larritasun handiko egoerek eragindakoak".

Esaterako, Oñatin eta Aretxabaletan laguntza bonuak banatu dituzte Caritasetik; onuradunek herriko komertzioetan elikagaiak eta gutxieneko higiene produktuak eros zitzaten. Udalek eta Eusko Jaurlaritzak emandako diruari esker banatu dituzte bonuak, baina jendeak Caritasi dohaintzan emandako dirua ere baliatu behar izan dute: "Beharrezko produktuez gain, fakturak ordaintzeko edota botikak erosi ahal izateko 100.000 euro baino gehiago eskaini ditugu". Bailarako gainontzeko herri gehienetako udalek ere eskaini dituzte antzeko laguntzak, baina Horazio Argaratek azaldu du kasu horietan ez dituela Caritasek kudeatu.

Elikagaien banaketari dagokionez, Argaratek azaldu du herrietan laguntza-sareak sortu direla, eta horiei "oso eskertuta" azaldu da. Adierazi duenez, Caritaseko boluntario asko adinekoak dira, eta askok ezin izan dute lagundu konfinamenduak iraun bitartean. Horrenbestez, boluntario gehiagoren beharra izan dute; gehienak, gazteak.

Horretaz gain, etenaldiaren ostean, Bidean programa martxan du berriro Caritasek. Lan mundura integratzeko eskolak eskaintzen dituzte Arrasaten duten egoitzan, eta, gutxinaka bada ere, jendea hasi da eskoletara itzultzen, etorkizunera begira lanbideren bat izatea helburu.

Elikagai Bankuan, ohiko martxa

Bergarako Elikagaien Bankuan ez dute etenaldirik egin azken asteetan, eta, gutxi-asko, lanean aritu dira ohiko boluntarioak. Euretako batek, Jose Antonio Agirrebeñak, aitortu duenez, "normal" ari dira euren jarduna egiten; eta onuradunek hilean behin jasotzen dute laguntza. Halere, aitortu du egun batzuetan "larrialdizko laguntza" eman behar izan dutela, "egoerak bultzatuta". Eskaera %30 inguru igo dela kalkulatzen du Agirrebeñak, eta hori guztia gestionatzeko arduradun bat izan dute une oro izendatuta.

Bestalde, boluntarioak azaldu du stocka badutela Bergarako bankuan, baina kalteren bat ere jaso dute; izan ere, azken minutuko banaketa delakoa ezin izan dute egin azken asteetan: "Ohitura dugu supermerkatuetan saldu ezin daitezkeen baina kontsumitzeko moduan dauden elikagaiak biltzeko, eta martxoaren 15az geroztik produktu fresko gutxi eskuratu ahal izan ditugu". Halere, azken hilabetean hasi dira supermerkatu batzuetara joaten, eta datozen asteetan progresiboki lehengo ohiturara itzuliko direla aurreikusten dute.

'Bazkari salbatzaileak'

Egungo egoeraren harira sortu diren elkartasun proiektuetako bat da Bazkari salbatzaileak izenekoa. EIT Food-ek, Ausolan-ek eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Madrilgo elikagai bankuek martxan jarritako ekimen honen bidez, ikasturtea bukatu artean, ume eta nerabeentzako 60.000 menu baino gehiago banatuko dituzte premia handien duten familien artean. Bailaran, zehazki, 300 otordu banatzen dituzte egunero; 150 Oñatin eta 150 Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak