4.277 PCR proba eta 1.102 test azkar egin ziren atzo EAEn, eta guztira 88 emaitza positibo jaso ziren: 6 PCR bidezkoak eta 79 serologia bidez baieztatutakoak. PCR bidezko kasuak Bizkaian eta Araban –baina ez Aramaion– erregistratu dira, beraz, Debagoienean ez da gisa horretako kasurik hauteman azken 13 egunetan. Test azkar edo serologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du zehazten jasotako emaitza positiboak zein lurraldekoak eta herritakoak diren. Hala, ezin da jakin bailaran zenbat herritarri atzeman dizkioten antigorputzak.
10 hildako EAEn
Azken asteetako daturik latzena da atzokoa; maiatzaren 19tik hona izandako heriotza kopuru handiena erregistratu zen atzo. Horrenbestez, dagoeneko 1.553 lagun hil dira EAEn; hain zuzen ere, Koronabirusa izan dutenen %7,8.
Bestetik, 109 izan ziren atzo sendatutakoak. Pandemia hasi zenetik 16.656 lagunek gainditu dute birusa; %83,4 dira berreskuratutakoak, alegia. Gaixorik jarraitzen dutenak, ordea, 1.758 dira; guztira, %8,8. Horri lotuta, atzo 4 pertsona ospitaleratu zituzten, eta ZIUn daudenei dagokienez, 3 gutxiago izan ziren atzo; halere, oraindik 24 gaixo daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean.
Bi positibo Nafarroan
Atzo egindako PCR probek bi positibo berri hauteman dituzte Nafarroan, eta ez da heriotzarik erregistratu 5 egunez jarraian.
Astez aste erregistratutako heriotzen taulak
Espainiako Estatistika Institutuak 2016. urtetik hona astez aste erregistratutako heriotzen datuak argitaratu ditu. Grafikoetan ikusten denez, Koronabirusaren eragina nabarmena izan da. Datuak interpretzeko goitik behera heriotza kopurua dago adierazita (behean 0 kopuru txikiena da eta goian 1000 handiena) eta ezkerretik eskuinera urte hasieratik hona igaro den denbora adierazten da, asteka banatuta. Bestetik, koloretako marra bakoitzak urte bati egiten dio erreferentzia (adibidez, 2020a gorri iluna eta 2019a urdina).
EAEko heriotzen taula:
Nafarroako heriotzen taula: