Oihana Aldai atezainak utzi egin du Pozoalbense taldea

Mirari Altube Arrese 2020ko eka. 3a, 09:13

Oihana Aldai erizain-eskularruekin. Argazkia: Oihana Aldai.

Iazko urtea bukatzearekin batera agur esan Eibarri eta Kordobako Pozoblanco herrirako bidea hartu zuen Oihana Aldaik. Ordutik, Pozoalbenseko atezaina izan da aretxabaletarra, osasun larrialdiak bertan behera utzi zuen arte futbol denboraldia, martxoaren 15ean. Orain, bukatutzat eman du ibilbidea talde andaluziarrean.

2019-2020 denboraldia oso arraroa izan dela onartu du. Lehen zatia, irailetik Gabonak bitarterakoa, Eibarren egin zuen: "Ilusioarekin hasi ondoren ez nuen ondo bukatu. Bigarren zatia, Pozoalbensen, gustura hasi nintzen, baina bi hilabetetara bertan behera geratu zen; hortaz, erabat ezohikoa izan da". Jende jatorrarekin topatu zen Kordobako taldean eta oso gustura egon dela onartu du: "Ondo hartu ninduten eta gustura egon naiz elkarteko kideekin zein zaleekin. Jokatzen hasi nintzen baina ez nuen izan denborarik ezer erakusteko, hortaz, erdipurdi geratu da guztia". 

Pozoalbensen jarraitzeko, baina, ez da elkartearekin akordio batera iritsi eta uztea erabaki du: "Denbora irabazten saiatu nintzen, beste zerbait begiratzeko eta lotzeko. Baina ez zidaten behar nuen denbora hori eman, eta erabakirik ere ezin nuenez hartu, egokiena bertan behera uztea zela iritzi nion". 

Aurrera begira jarrita oraindik ez duela ezer dio, denboraldia bera ere ez dakitelako noiz hasiko den. Hori bai, futbola uzteko asmorik ez du inondik inora: "Ez dut utzi gura, bereziki, urtea hain arraroa izan denean. Negoziazio etapa bat zabalduko da orain eta ikusiko dugu zer gertatzen den".

Ospitalean lanean

Kordobatik martxo bukaeran etorri zen etxera, erizain lanetan ekiteko, eta Zumarragako ospitalean jardun zuen orduan. Maiatzean ez du lanik izan, baina ekainaren 1etik berriro dago ospitalean: "Oso gustura nago, hortaz, pozik". Uda sasoian bertan lan egiteko asmoa du, eta gero, aurre-denboraldia datorrenean, ikusi egin behar: "Erabakiren bat hartu beharko dut, baina oraingoz lanean dut burua; eta datorrena etor dadila".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak