Pandemian hurbilekoak galdu dituztenentzako programa abiatu du Jaurlaritzak

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 2a, 09:55

Betirako programaren aurkezpena Salburuako hezeguneetan. Iturria: Irekia

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Covid-19aren ondorioz hurbileko pertsona bat galdu duten pertsonen % 30ek beharko luke laguntza depresio-, antsietate- edota insomnio-sintomei aurre egiteko. Hala, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Betirako programa abiatu du.

Koronabirusa dela-eta gertukoak galdu dituztenentzako arreta eskaini nahi du Eusko Jaurlaritzak. Azaldu dutenez, garrantzitsua da beharra dutenek lehenbailehen laguntza jasotzea: "Profesionalen laguntzara garaiz joateak orainean prozesuari bide ematen lagundu dezake, bai eta etorkizunean egon daitezkeen ondorio psikologikoak prebenitzen ere".

Betirako programa Euskal Autonomia Erkidegoko 400 familia baino gehiagori laguntza emateko sortu dutela adierazi dute, eta hainbat kanal sortu dituzte arreta bideratzeko: 900 908 744 telefonoa, www.betirako.org webgunea eta kontsulta presentzialak.

Arreta-bide guztiak doakoak izango dira, eta Agintzari kooperatiba sozialeko psikologiako eta gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuetako 700 profesionalek emango dute arreta: "Betirakok, 900 908 744 telefonoaren bidez, hasieran, entzun egiten du eta informazioa eta orientazioa ematen ditu; horretarako, deitzen dutenen zerbitzura jartzen du laguntzarako eta arreta psikologikorako prozesua".  Webgunean, programari buruzko informazioa eskainiko da eta eduki psiko-hezitzailea elkarbanatuko da; besteak beste, bideoak, audioak, artikuluak, gomendioak eta zuzeneko hitzaldiak.

Covid-19aren krisialdian birusagatik edo beste gaixotasun batzuengatik hurbileko pertsonaren bat galdu duten adin guztietako pertsonak izan daitezke zerbitzua jaso dezaketenak.

303.000 euro bideratuko dira programara

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak azaldu dutenez, "bazterketaren aurka borrokatzeko funtsean" aurreikusitako hamar ekimenen artean dago Betirako programa. Funtsa Covid-19aren ondorioz onartu zuen Jaurlaritzak, eta hamar milioi euroko zuzkidura du. Horietatik 303.000 euro Betirako programara bideratuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak