Atzo, maiatzak 31, ez zen PCR bidezko kasu positiborik hauteman Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, baina test azkar bidez 13 erregistratu ziren; hala ere, Osasun Sailak ez du zehazten non hautematen diren test azkar bidezko positiboak, eta beraz, ezin da jakin zein lurralde edo herritakoak diren. Positibo kopurua murriztu egin da, baina esan beharrekoa da atzo egindako test kopurua ere nabarmen txikiagoa dela beste egunekin alderatuta: 977 PCR egin baitziren eta 225 test azkar.
Bestetik, 11 lagun sendatu ziren atzo, baina bost ospitaleratze berri ere egon ziren plantan eta beste bi ZIUn. Heriotzei dagokienez, ostera, azken orduetan ez da inor zendu.
R0 datua, bide onetik
R0 datuak birusa duenak batez beste zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten du. 1 baino handiagoa bada, gaitza hedatu egingo dela adierazten du; hain zuzen ere, gaixo bakoitzak pertsona bat –edo gehiago– kutsatu dezakeela ematen baitu aditzera. Euskal Autonomia Erkidegoan, 0,68 da azken R0 datua.
Eremuka erregistratutako heriotzak
Maiatzaren 26ra arte erregistratutako heriotzak zein osasun-eremutan izan diren ezagutarazi du Osasun Sailak. Emandako datuen arabera, Arrasaten 30 lagun dira Koronabirusa dela-eta hildakoak, Bergaran 14, Oñatin 3 eta Leintz bailaran 5. Dena den, Osasun Sailak ez du zehaztu zein udalerrik osatzen dituzten osasun-eremu horiek.
Nafarroako Gobernuaren datuak, eguneratuta
430 PCR proba egin ziren atzo eta horietatik 11k eman zuten positibo, eta bestetik, antigorputzak neurtzeko 70 proba egin ziren, eta horietatik 4 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Bestalde, 49 lagun sendatu ziren, baina bi ospitaleratze berri ere erregistratu ziren –bat plantan eta besta ZIUn–. Bukatzeko, ez zen COVID-19ak eragindako heriotzarik erregistratu Nafarroan.