Denera, 1.536 pertsona hil dira orain arte EAEn, eta 27 dira, une honetan, ZIUn ingresatuta daudenak. Azken egunean, pertsona bat ingresatu dute ospitalean, plantan. [EAEko datu guztiak, hemen]
Osasun sailburu Nekane Murgak gaurko agerraldian adierazi du osasun arloan hartu ziren neurriak baliagarriak izan zirela, eta orain ari dela zerbitzua "normaltasun berrira" itzultzen: "Osakidetzaren zentro guztietan berreskuratu da aktibitate kirurgikoa, eta goizetako aktibitatea pandemia aurreko ohiko aktibitatearen %80 eta 100% arteko kopuruan dago. Arratsaldeko aktibitatea aste berriarekin martxan jarriko da".
Kanpo-kontsultak eta proba osagarriak murriztu bai baina ez ziren bertan behera geratu, eta gaur egun %40 eta %70 artean daude, ohikoarekiko.
Murgak adierazi du agerikoa dela pandemiaren datuek hobera egin dutela EAEn, baina ezin dela arreta jaitsi: "Ezin dugu erlaxatu norbanakoen eta gu guztion erantzukizunean, COVIDa ez dago oporretan. Gu guztion, gure jarreren eta konpromisoaren araberakoa izango da pandemiaren bilakaera. Atzera ez egitea gu denon esku dagoen zerbait da, eta ez dugu inoiz ahaztu behar ze eragin duen, batez ere, pertsonen bizitzari dagokionez".
Eta aurreko egunetako zenbait irudi izan ditu hizpide sailburuak: "Denok dugu gozatzeko gogoa, baina ezin dira errepikatu aurreko egunetan pasealekuetan eta hondartzetan ikusi diren irudiak. Kutsatu dezakeen pertsona asintomatiko batek hamarka lagunekin izan dezake kontaktua egoera hauetan".
Hondartzen erabilera "dinamikoa" aldarrikatu du Murgak, taldeka etzanda ez egoteko eskatu du, eta paseoan musukoa jartzeko segurtasun distantzia bermatu ezin bada, bestelako pasealekuetan moduan.
Garraio publikoari buruzkoa izan da sailburuaren azken oharra: "Adi garraio publikoarekin. Jende asko badoa eta aisialdiko zerbaitera joanez gero, zalantza egin behar da igo edo ez. Jende asko doanean garraio publikoa erabiltzea saihestu behar dugu".
Gauzak gaizki eginez gero birusaren susperraldia gertatu ahalko litzatekeela ohartarazi du Murgak.
Nafarroan, berriz, ez da hildakorik egon azken orduetan, baina bai bederatzi kutsatu berri. Nafarroako Gobernuaren arabera, 63 lagun daude ospitaleratuta, aurreko egunean baino sei gutxiago; ospitaleratuta daudenen artean, hamar daude ZIUn.