Aitor Madariaga: "Aurrerapen zientifiko berriak aurkeztuko ditugu"

Mireia Bikuña 2020ko mai. 30a, 09:00

MUko ikerlari Aitor Madariaga.

Fabrikazio aurreratuaren berrikuntza aztertzeko kongresua egingo du Mondragon Unibertsitateak ekainean. 19 herrialdetako 150 aditurekin batzar telematikoa egingo dute.

Zeri buruz egingo duzue berba?

Fabrikazio aurreratuak geroz eta pisu handiagoa du, bereziki herrialde garatuetako ekonomian. Nazioarteko lehia handiari aurre egiteko eta industria-irtenbide lehiakorragoak bilatzeko tresnak aztertuko ditugu. Ikerkuntza oso garrantzitsua da, eta biltzarrean aurrerapen zientifiko berriak aurkeztuko ditugu, eta aurkeztuko dizkigute.

Zer da fabrikazio aurreratua?

Kontzeptu zabala da. Oraingoan, gainazal integritatearen gaineko hausnarketa egingo dugu. Fabrikazio prozesu berriak martxan ipintzea edo aurretik zeudenak optimizatzea gurako genuke, fabrikatzen diren piezen gainazala hobea izan dadin, eta balio erantsiko produktuak atera ahal izan daitezen. Zehazki, aeronautikaren, energiaren, automozioaren eta makina erremintaren sektorean egindako aurrerapenak aurkeztuko dira.

Mondragon Unibertsitateak lau lan aurkeztuko ditu.

Horietako bi lan Errendimendu Handiko Mekanizazio Taldeak egindakoak dira; beste bat, Gainazalen Teknologien taldearena; eta laugarrena, Saint Etienneko Ingeniarien Eskola Nazionalarekin elkarlanean egindakoa.

19 herrialdetako 150 aditu baino gehiago elkartzea ez da erraza izango.

Erronka handia izan da guretzat. Ekitaldi presentziala izan behar zuena telematiko bilakatu dugu pandemiaren ondorioz. Parte-hartzaileak plataforma baten sartuko dira ekainaren 1etik 5era, eta hor, fabrikazio aurreratuan aditu direnen 100 bat lagunen txostenak kontsultatu ahal izango dituzte. Era berean, biltzar telematikoa izanik, eduki guztietara sartzeko eta eztabaida-foroetan parte hartzeko aukera ematen du, ordutegi malgua izango duelako.

Zer da MUrendako halako kongresu bat antolatzea?

Fabrikazio aurreratuarekin lotutako ikerkuntzan ibilbide nabarmena daukagu. Euskadiko, Espainiako eta Europako proiektu askotan parte hartu dugu. Besteak beste, balio erantsi handiko osagai aeronautikoen fabrikazio-prozesuak hobetzeko. Horrenbestez, ohorea da guretzat antolatzaile izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak