Edari banatzaileak hasi dira, pixkanaka, martxan

Maialen Santos 2020ko mai. 29a, 12:15

Oñatiko Gereta Ardoak-eko Inaxio eta Manu anaiak, goizeko banaketa egiteko edariak prest dituztela.

Bezero gehienak ostalariak izanik, konfinamenduak iraun bitartean lan-jarduna ia guztiz etenda izan dute bailarako edari banatzaileek. Partikularrentzako salmentak igo egin dira, halere. Jatetxeen eta terrazen irekierari esker, hasi dira erritmoa berreskuratzen.

Tabernak eta jatetxeak itxita egon izanak ia guztiz "gelditzera" behartu ditu bailarako edari banatzaileak. Lan egiteko modua ezohiko egoerara egokitu behar izan dute, baina denda eta etxeetako banaketarekin jarraitu ahal izan dute gehienek. Banatzaileek diote azken salmenta horiek "nabarmen" egin dutela gora azken asteetan. Oñatiko Gereta Ardoak-eko arduradunetako batek, Inaxio Geretak, GOIENAri azaldu dio etxeetan "dezente" banatu dutela azken boladan. Hala ere, salmentak, orokorrean, nabarmen jaitsi dira: "Gutxi gorabehera, %80". Txomin Zubeldia Edariak enpresako arduradun Jokin Zubeldia ere bat dator salmenten jaitsiera igarri dutela esateko orduan, eta zehaztu du iazko apirilarekin alderatuta aurtengoan %7 soilik fakturatu dutela. Distribuciones Gorbeako Ana Presasek iritzi bera du, eta "argi" dauka denda tradizional eta partikularren laguntzari esker egin ahal izan dutela aurrera: "Denda batzuek salmentak bikoiztu dituzte, jendeak etxera eramateko erosi duelako".

Manu Gereta, Gereta Ardoak: "Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiegu; ondo portatu dira"

Euren kasuan, partikularrentzako salmentarik ez dute egiten, baina ezohiko egoeraren aurrean, esaterako, esnea gertuko jendeari saldu behar izan diote, "gal ez zedin eta diru-sarreraren bat izan genezan". Ildo horretatik, Geretako Manu Geretak aitortu du herritarrak "izugarri ondo" portatu direla unerik zailenetan, eta eurei esker izan dituztela diru-sarrera gutxi batzuk: "Eskerrak ematea besterik ez dugu jasotako laguntzarengatik".

Jokin Zubeldia, Txomin Zubeldia Edariak: "Hilabete gogorrak izan dira; orain, terrazek laguntzen gaituzte"

Terrazak, oso lagungarri

"Okerrena" pasata, terrazak eta jatetxe barruak zabaldu dituztenetik erritmoa "pixkanaka" errekuperatzen ari direla diote banatzaileek. Hain zuzen, Manso Hermanos enpresako Iñigo Mansok azaldu duenez, jendearen "mugimendua" igarri da azken egunetan, eta horrek "poztu" egiten du bera. Zubeldiatik uste dute ostalaritzaren irekierak "on" egingo diola euren negozioari; uste baitute jendea terrazetara joateko "gogotsu" dagoela, eta harrera "ezin hobea" izan dutela. Halere, arduradunak "argi" du erritmoa pixkanaka errekuperatu arren, egoera ez dela "lehengora" itzuliko. Langileen egoerari buruz galdetuta, lau enpresek dute langileren bat edo beste ERTEan; eta kasu gehienetan, senideak dira orain enpresa aurrera ateratzen ari direnak. Hain zuzen, azken egunetan gehienek bisitatu dituzte jatetxe eta tabernak, horiek hornitze aldera.

Ana Presas, Distribuciones Gorbea: "Taberna batzuk astearen erdian hornitu behar izan ditugu"

Gorbeako Ana Presasek aitortu du terrazak ireki zituzten astean bertan, taberna batzuk "birritan hornitzera" joan behar izan zutela, "astearen erdian zenbait edari gabe geratu zirelako". Geretatik, aldiz, diote eurek konfinamendua hasi aurretik hornitu zituztela taberna eta jatetxeak, eta, orain artean itxita egon direnez, gehienetara joan beharrik ez dute izan, "oraindik denetarik dute eta".

Iñigo Manso, Manso Hermanos: "Orain arte etxean edaten ez zuen jendeak ohiturak aldatu ditu"

Aurrera begira jarrita, Mansok egoera "hobera" joan dadin espero du. Edozelan ere, uste du koronabirusaren krisiaren ostean "ohiturak" aldatu egin direla, eta askok bere horretan jarraituko dutela aurrerantzean ere: "Konfinamenduan jendeak ardoa edaten ikasi du etxean; eta, agian, ohitura hori mantenduko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak