Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendariaren hitzetan, euskararen biziberritzean eta hizkuntza berdintasunean aurrera egin ahal izateko, herri ekimenaren "funtsezko tresna" da.
Txostenean zehazten denez, 2017-2018an aztertu zuten Arrasateren egoera. Hortik ondorioztatu zuten erakunde asko ari zirela euskara bultzatzeko ahaleginean, baliabide neurtu eta zerbitzu ugarirekin. Hala ere, nekeza gertatzen zitzaien inpaktu handiko ekintzak garatzea eta erakunde guztiak helburu partekatu beraren inguruan lanean eraginkortasunez jardutea. Horregatik, esku-hartzearen helburutzat definitu zen lanerako baldintza aproposak sortzea, tokiko aktibazioan ekimen apaletatik inpaktu handiagoko jarduerak garatzeko.
Ildo beretik mintzatu da Mendizabal, bere iritziz ekintza masiboak eta ospakizunak "icebergaren tontorra baino ez dira", eta gakoa "aldez aurretiko lana" dela dio. Horren adibide moduan Euskaraldia aipatu du Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendariak: "Lanak garbi jasotzen du eragile sozialen eta erakundeen arteko elkarlanaren balioa antzeko prozesuetan emaitza onak lortzeko".
Txostenari dagokionez, Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak adierazi du "lau urteko ikerketa eta esku-hartze prozesu honetako ondorioek, besteak beste, tokian tokiko lanerako eta gogoetarako ildoak jarri ditu agerian". Aurkezpenean izan da, baita ere, proiektuaren koordinatzailea, Maialen Iñarra.
Ikerketaren txostenak herritarren hizkuntza aktibazioko gakoak jaso ditu. Aktibazio prozesuan zehar eman beharreko lau fase zehaztu dituzte: Atariko lanak, ekimena adosteko aurreprozesua; aurrelanketa, komunikazio-eta mobilizazio-estrategia diseinatzea; ekitea, ekimena martxan jartzea eta hedatzea; eta baloratzea, ebaluazioa eta aurrera begirakoak.
Gainera, ibilbide hori zuzen gauzatzeko, kontuan hartu beharreko sei gako ere identifikatu dituzte: behar sozial bati erantzutea, oinarrizko teoriak eta diskurtsoak adostea, administrazio publikoak eta gizarte-mugimenduak elkarlanean aritzea, modu horizontalean antolatzea, talde eragilea eratzea eta prozesua nola egiten den zaintzea.
Informazio gehiago: