Aldundiak eta EUDELek erakunde mahaia eratu dute pandemiaren ondorioei aurre egiteko asmoz

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 28a, 15:04

Gaur Aldundiak eta EUDELek egindako bilera telematikoa. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Krisiak eragindako ondorio negatiboei aurre egiteko erakunde mahaia eratzea adostu dutela azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. EH Bilduk, bere aldetik, erabakia berandu datorrela uste duen arren, "ongi-etorria" dela iritzi du baldin eta "benetako elkarlana" bermatzen den.

Markel Olano buru izango duen mahaia sortzea erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eta Eudelen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak. Azaldu dutenez, mahaiaren helburua pandemiak eragindako ondorio negatiboei aurre egiteko "egitasmoak bultzatzea eta koordinatzea" izango da: "Espazio horren bitartez, COVID-19ak ekarri duen gizarte eta ekonomia krisialdiari eman beharreko erantzunaren aurrean, erakunde arteko gobernantza indartuko dugu".

Bilera telematikoa egin dute gaur erabakia hartzeko, eta jakinarazi dutenez, dagoeneko "abian daude" lurraldean sektoreka antolatutako hainbat koordinazio organo: “Sektoreka antolatutako organoak funtsezkoak izan dira, indarrak batu eta gure politiken eraginkortasuna areagotzeko garaian. Elkarrizketarako erakunde mahai honek koordinazio hori sendotuko du, inondik ere". Izan ere, Foru aldundiak esan duenez, krisialdiari aurre egiteko, "gobernantza partekatua" izan du oinarri Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta koordinazioak "jokamolde hori indartzeko" balioko duela iritzi du.

EH Bilduren ustez, berandu

EH Bilduren iritziz, berandu dator erabakia; dagoeneko, Aldundiak udal finantzaketaren erabakia "aldebakarrez" hartuta daukala uste baitu. Hala ere, "benetako" elkarlanerako bada, ongi-etorria dela gehitu dute: "Badirudi behingoz udalen hitza entzun duela Aldundiak. Benetan elkarlanerako borondatea baldin badago aukera berri bat zabaltzen da udal finantzaketaren inguruan hartutako erabakiarekin atzera egin eta adostasunetara iristeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak