3.543 PCR proba egin ziren atzo EAEn, eta horietatik 12 positibo atzeman dituzte; 2 izan dira Araban eta 10 Bizkaian. Gipuzkoak, azken asteko joerari eutsiz, PCR bidezko positiborik gabe jarraitzen du.
Bestetik, test azkar edo serologikoei dagokienez, 1.453 proba egin zituzten atzo, eta 103k eman dute emaitza positiboa. Dena den, Osasun Sailak ez du emaitza horien inguruko informazio gehiago argitaratzen, eta beraz, ezin da jakin zehazki non hauteman diren positibook.
Azken orduetan sendatutakoak ostera, 172 izan dira; birusa izan dutenen %90,4, dagoeneko. Gaixorik jarraitzen dutenak bestalde, 365 dira, eta atzo 9 ospitaleratze berri izan ziren PCR bidezko emaitza positiboa jaso ostean. EAEko datuekin bukatzeko, azken orduetan zendutakoak 6 izan dira, eta guztira, pandemia hasi zenetik 1.511 lagun hil dira.
Nafarroako datuak, arratsaldean
Nafarroako Gobernuak arratsaldean ematen ditu datuak, beraz, horiek jaso ahala eguneratuko da albiste hau. Hala ere, Espainiako Gobernuak aurreratutako datuen arabera, 7 kasu baieztatu dituzte PCR bidez azken orduetan, eta ez da heriotzarik erregistratu.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.