Eskoriatzako udaletxearen atarira alkatea eta zinegotzia atera dira, zendutako pertsonak oroitzeko. Azken orduko deialdia izan dela azaldu dute, eta herritar gehienek ez dutela elkarretaratzearen berri izan. Halere, halako ekintzek pandemiak kolpatutako pertsonei elkartasuna helarazteko balio dutela uste du Jose Ramon Zubizarreta alkateak.
Bestetik, Espainiako Gobernuak hamar eguneko dolua ezarri du COVID-19aren biktimen omenez, eta isiluneak ere deitu ditu erakunde publiko eta pribatuetan. Deialdiarekin bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeetako eraikinetan banderak jaitsita egongo dira hamar egunetan.
Batzar nagusietan ere isilunea
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko kideek, taldeetako bozemaileek eta hainbat batzarkidek ere minutu bateko isilunea egin dute gaur, Xabier Ezeizabarrena lehendakaria buru dela. Bestetik, elkarretaratzean izan dira erakundean lan egiten duen hainbat langile ere.