Ostalaritza zerbitzuei zein turismo-jarduerei bideratutako laguntzak eskatzeko epea zabalik

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 26a, 08:18

Kontsumoa eta turismo-jarduera suspertzen laguntzea helburu duen diru laguntza iragarri du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ditu oinarriak gaur, maiatzak 26. Tabernei, jatetxeei, landetxeei eta nekazaritza-turismoko establezimenduei bideratu diete, besteak beste. Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango dute interesatuek.

Jarduera nagusitzat turismoa duten autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei zuzendutako laguntza programa da, horren helburua izanik kontsumoa eta turismo-jarduera suspertzen laguntzea "sektoreari laguntza ekonomikoa eta erakunde-babesa emanda". Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak iragarri du 7.500.000 euro bideratuko dituela horretara.

Laguntza honako hauek eskatu ahal izango dute: norbere konturako langileek edo autonomoek, ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako bazkideek, mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta turismoa edota sukaldaritza bada beren jarduera, eta hori guztiz eten bada 2020ko martxoaren 14tik apirilaren 13ra bitartean (hileko diru-sarrerak, 2019ko denbora-epe berari edo, halakorik ezean, alarma-egoera ezarri aurreko hilabeteari dagokionez, gutxienez % 75 murriztu badira).

Laguntza hori izango da besteak beste, alokairuaren gastuak ordaintzeko, ondoz ondoko hiru hilabeteri dagozkienak alarma-egoera indarrean sartu zenetik, hots, 2020ko martxoaren 14tik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean; eta 2020ko otsailaren 15aren ostean eta osasun-alarmako egoera indarrean sartu aurretik erositako produktu galkor edo freskoz hornitzeko erosketaren gastua ordaintzeko. Baita gastu arrunten kargu egiteko ere, hala nola, telefonoa, Internet eta aholkularitza zerbitzuak.

Aurkeztutako gastu guztiengatik emango den gehienezko zenbatekoa 3.000 euro euro izango da entitate bakoitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak