Arantzazu Lagunilla: "Bezeroei berehala erantzuteko gertu gaude, bidea elkarrekin egiteko prest"

Goiena 2020ko mai. 24a, 10:13

Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioaren Artisauak enpresako zuzendaria.

Arteman Komunikazioaren Artisauak enpresako zuzendaria da Arantzazu Lagunilla Amozarrain eta krisiak hausnartzeko ere balio izan duela uste du. Eskerrak eman gura dizkie bezeroei eta kolaboratzaileei, eta edozein izanda ere horien "zerbitzu beharra", berehala erantzuteko gertu agertu da.

Zela egin diozue aurre krisi honi zuen enpresan? 

Hasierako asteetan tentsioa eta egonezina sumatu genuen baina blokeatu gabe, azkar erantzun genuen. Batzorde berezi bat eratu genuen egoera ahalik eta ondoen kudeatzeko eta jarduerari eusteko apustua egin genuen; langileen %100a lanean ibili da, telelanean. Proiektu asko zabalik genituen eta aukera izan dugu horiei erantzuten joateko. Eta berriak ere sartu zaizkigu COVID-19arekin lotuta. Etxe barruan protokolo berriak ditugu segurtasun neurriak bermatzeko baina dagoeneko lanean normaltasun osoz ari gara. 

Zein mezu bidali nahi diezu zuen bezeroei? 

Gure bezeroek badakite gertu gaituztela eta edozein dela euren zerbitzu beharra, berehala erantzungo diegula. Bidea elkarrekin egiteko prest gaudela oraingoan ere, eta gure onena emateko deseatzen, beste behin. Gizarteari oro har esango nioke, eutsi behar diogula, eta politikoei esango nieke benetako politika egiteko garaia dela, gizarteari egoki erantzuteko garaia, behar gehien dutenei egoki erantzuteko unea dela eta horrela egin dezatela.  

Zertarako balio izango du honek guztiak? 

Pentsatzeko eta hausnartzeko balio izan digula uste dut. Egoera zailen aurrean batera eta elkarrekin, hobeak eta indartsuagoak garela erakutsi digu krisi honek. Tokikoari eta gertukoari eutsi eta babesteko garrantziaz ohartu gara; kontziliazioa, zaintza eta lan egiteko moduak egokitu ditugu... Horiek gelditzera etorri dira!

Krisitik aukerak ere sortu dira. Nola aprobetxatu dituzue zuek? 

Egoera berriei, soluzio berriak. Artemanen aukera izan dugu proiektu berriak martxan jartzeko: adibidez, guk diseinatu-programatu dugu Estatuan lehen aldiz egin den online ganadu enkanterako plataforma eta gure Aretxabaletako bulegotik emozioz bizi izan genuen Satlantis euskal erakundeak Nazioarteko Estazio Espazialera hemen, Euskal Herrian, diseinatutako eta garatutako kamera bat bidali zueneko lehen aldia. Erronka izugarria izan da Artemanentzat, egun mundu mailan bizi dugun ezohiko egoeran, maila honetako zuzeneko emanaldi bat kudeatu eta koordinatzea.. ; eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gugan konfiantza izan duten bezero eta kolaboratzaile guztiei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak