Jon Apraiz: "Gure txertoa beti izango dira gure bezeroak; eskerrik asko guztiei"

Goiena 2020ko mai. 24a, 19:18
Arrasateko Ibai Arte merkatarien elkartearen presidente Jon Apraiz.

Ibai Arteren presidente da Jon Apraiz, eta osasun krisiak Arrasateko merkatariengan izan duen eraginaren berri eman du. Eta bezeroei oso eskertuta agertu da, une txarretan "oso gertu" sentitu dituztelako.

Nola egin diozue aurre krisi honi merkatariok?
Hasieran, ziurgabetasun handiarekin bizi izan genuen, berritasunagatik eta informazio faltagatik. Berehala konturatu ginen Arrasateko parte izaten jarraitu behar dugula eta erabilgarriak izan behar dugula, eta azkar hasi ginen lanean. Lortu genuen gel hidroalkoholikoak ekartzea, kostaprezioan saltzen genituenak; inork lortzen ez zituenean, guk ekarri genituen gure bezeroentzat. Arrasateko ospitaletik eskatu ziguten ea Dechlatonen saltzen dituzten antzeko urpekaritza-maskarak lor genitzakeen, eta asko lortu genituen. Gero, pantailak egin nahi zituen eta bitartekorik ez zuen jendeari materiala eman genion, eta ehunka pantaila egin dira ospitaleetarako, supermerkatuetarako... oihalezko maskarak egiteko materiala eman genuen...

Beti gure bezeroengan pentsatuz, ulertu genuen etxean egoera hobeto pasatzen laguntzeko garaia zela, eta hainbat lehiaketatan parte hartu genuen, hainbat enpresa eta elkarterekin elkarlanean: Ardatz, Artgazki, AED... Eta niretzat garrantzitsua zen zabalik zeuden Ibai Arteko dendek ahalik eta babes handiena izatea, eta gelak, maskarak eta pantailak lortzen ibili ginen.

Egoera asko luzatzen ari zen, eta webgune bat martxan jartzea erabaki genuen: Zuzaraguretxertoa.eus. Ibai Arteren webgunean dago, gure negozioentzako likidezia pixka bat lortzeko. Eta hori egitea erabaki genuen, gainerakoen desberdina; alegia: zuk orain laguntzen diguzu bonua erosten, eta guk gero deskontu batekin lagunduko dizugu. Eta ezin hobeto funtzionatu du.

Zein mezu bidali nahi diezue bezeroei eta herrikideei?
Mezua oso argia da: eskerrik asko, une txar hauetan oso gertu sentitu ditugulako. Zuzaraguretxertoa-ren iragarkia "eskerrik asko" esanez atera genuenean, ehunka mila mezu jaso genituen "eskerrik asko zuei" esanez, eta hori oso eskertzekoa da. Beraz, eskerrik asko, Arrasate.

Zertarako balio izango du honek guztiak?
Zaila da erantzutea; uste dut balioko digula oraina eta unea gehiago baloratzeko, eta inoiz baino kontzienteago izateko hau segundo batean aldatzen dela.

Krisitik aukerak ere sortu dira. Nola aprobetxatu dituzue zuek?
Apurka-apurka Interneten presentzia irabazten joan beharko genukeen webgune bat jarri dugu martxan; izan ere, saltoki txikien arazo handienetako bat da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak