Isabel Moreno: "5G teknologiarekin etengabe egongo gara irradiatuta"

Mireia Bikuña 2020ko mai. 25a, 13:15
Informa Tú elkarteko kide Isabel Moreno

Informa Tu eta Ixutu Begixak elkarteek sinadura-bilketa kanpaina abiarazi dute Debagoienean, udalek 5G instalazioak bertan behera utz ditzaten edo, gutxienez, atzera ditzaten eskatzeko.

Zein helbururekin abiarazi duzue kanpaina hori?

Ez dago txostenik esaten duenik 5G teknologia segurua dela. Ez dute ikertu jakiteko osasunarendako txarra den edo ez. Are gehiago, 3G eta 4G teknologiak kaltegarriak direla egiaztatzen duten hainbat txosten daude. Osasunari eta ingurumenari kalte egiten diote. Hala, Udalei eskatu diegu 5G teknologiarendako antenak ipintzea atzera dezatela, seguruak direla baieztatu arte. Mundu osoan dago teknologia horri buruzko kezka, eta 400 ikertzailek eta zientzialarik baino gehiagok sinatu dute dagoeneko.

Eta zerk kezkatzen zaituzte gehien?

5G teknologiaren segmentuetako batek uhin milimetrikoak erabiliko ditu. Horiek eragin negatiboa dute gure gorputzaren azalean eta organoetan. Eta hori 24 orduetan eta 365 egunetan erabili behar badugu, nola eragingo digu? Etengabe egongo gara irradiatuta. Era berean, 200 metrotik behin antenak ipintzea aurreikusten da, seinalea ondo bideratzeko. Egungo telefonia mugikorrak zenbat kalte egiten duen jakinda, uste dugu horiek areagotu egingo direla 5G teknologiarekin etengabe funtzionatuz gero.

Hortaz, abantailak baino eragozpen gehiago ditu?

Gure ustez, bai. Bereziki, herritarrendako. Uste dugu ez duela merezi gure osasuna eta gure ingurumenarena arriskuan ipintzea film bat azkarrago deskargatzeagatik. Mugikorretatik aparte, non gehiago erabiliko litzateke 5G? Eremu guztietan: garraio adimendunean, produktuen trazabilitatean, telelagundutako kirurgian, urruneko nekazaritza-lanen programazioan... Dena den, horiek guztiak egin ahal dira arrisku txikiagoa duten teknologiekin.

Zer egingo duzue batutako sinadurekin?

5G ezartzeari buruzko kezka kuantifikatu gura dugu. Ostean, bailarako udalei eta Mankomunitateari horren berri emateko. Gurako genuke erakunde horiek aitzindari izatea estatu mailan, biztanleen osasuna zaintzen eta bermatzen dutelako.

Non sinatu daiteke?

Debagoieneko herrietako hainbat komertziotan sinatu daiteke. Hiru astez egongo dira eskuorriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak