Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur jakinarazi duenez, azken bi egunetan ez da COVID-19ak kutsatutako pertsonen heriotzarik izan Gipuzkoako egoitzetan. Era berean, zehaztu du asteburuan zehar ez dutela kasu positibo berririk atzeman, ezta alta berririk eman.
Bi aste heriotzarik gabe
Hala, 14. eguna da gaurkoa COVID-19ak kutsatutakoen heriotzarik gabe Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, baina gogorarazi du 22 pertsonak jarraitzen dutela diagnostiko positiboarekin bi zentrotan. Hain zuzen, Aretxabaletako GSR Debagoiena da horietako bat, une honetan COVID-19 gaitzak jotako 20 egoiliarrekin.
Gaur arte, Koronabirusak kutsatu dituen egoiliarren artean, 373 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna (%66,3), 167 zendu dira (%29,7) eta 22k diagnostiko positiboarekin jarraitzen (%4).