Koronabirusaren krisia hasi zenetik lehenengoz, hildakorik ez Hego Euskal Herrian

Txomin Madina Milikua 2020ko mai. 24a, 13:27

Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, azken orduetan ez da inor hil EAEn koronabirusaren ondorioz. Lehenengo aldia da hori gertatzen dena. Nafarroan ere ez da hildakorik egon.  PCR proben bidez 23 kasu berri atzeman dira: hamalau Nafarroan, bi Araban eta zazpi Bizkaian. Debagoienean ez da kasu berririk agertu.

Osasun krisia hasi zenetik lehen aldiz, atzo ez zen inor hil Hego Euskal Herrian koronabirusaren ondorioz. Nafarroan aurretik egona zen heriotza gabeko egunik, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, lehen aldia da. Hala, orain arte 2.003 dira Hego Euskal Herrian COVID-19 gaitzak jotan hil diren herritarrak.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, guztira 2.74 proba egin dituzte azken orduetan: 1.914 PCR motakoak, eta 160 test azkarrak. PCR probekin 9 kasu atzeman dira ­–bi Araban eta zazpi Bizkaian– eta test azkarren bidez, hamar. Debagoienean ez da positibo berririk atzeman PCR proben bidez eta Gipuzkoan ere ez, laugarren egunez jarraian.

Pandemia hasi zenetik, 19. 386 izan dira koronabirusak kutsatu dituen EAEko herritarrak, eta horietatik 17.394, %89,7, sendatu egin dira edo medikuaren alta jaso dute. Ospitaleen egoerari dagokionez, PCR probetan positibo emandako hiru lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta guztira 33 dira ZIUn daudenak.

Nafarroan, bestalde, 14 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan PCR probetan eta guztira, 5.219 kutsatu dira orain arte. 77 pertsona daude ospitalean koronabirusa dela eta; hamabi, ZIUn.

 

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak