Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak 2019ko ekitaldiaren balorazio "oso positiboa" egin du

Jone Olabarria 2020ko mai. 22a, 18:12

Konfekoop-eko kide den Ulma packaging lantegiko irudia.

Euskadiko kooperatiben federazioa den Konfekoop-ek 2019ko ekitaldiaren balorazio orokorra, 2019ko emaitza ekonomikoak eta 2020rako diseinatutako helburuak eman ditu ezagutzera gaur. Bertan zehazten denez, 1.233 kooperatibak osatzen dute Konfekoop eta 56.362 lanpostu hartzen ditu barne; 2019. urtean 111 kooperatiba eta 2.193 lanpostu gehiago batu dira.

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak 2019ko ekitaldiaren balorazio "oso positiboa" egin du. Gaur jakinarazi dutenez, 2019. urtean 111 kooperatiba eta 2.193 lanpostu gehiago batu dira Konfekoop-era, hala, "Euskadiko enpresa-elkarteen artean, ordezkaritzarik handiena dutenetako bat izanda". Azaldu dutenez, 2.193 lanpostu berrietatik, 1.593 lanpostu 2019ko ekitaldian sortutakoak dira, eta gainerako 595 lanpostu Euskadiko nekazaritzako elikagaien 60 kooperatibenak dira, horiek elkartzen zituen federazioa Konfekoop-en sartu baita.

Datu ekonomikoak

Azken urtean gehitutakoekin, 1.233 kooperatiba eta 56.362 lanpostu hartzen ditu barne konfederazioak eta horien artean bost motatako kooperatibak ezberdindu dituzte; Lan elkartukoak, irakaskuntzakoak, nekazaritzako elikagaien alorrekoak, kontsumokoak eta kreditukoak. Eman dituzten datuen arabera, lan elkartuko kooperatibek 8.541 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2019an, 2018an baino %3,1 gehiago eta zehaztu dutenez, fakturazio osoaren % 63 hartzen dute nazioarteko salmentek alor horretan. Nekazaritzako elikagaien alorrekoek 292 milioi euro fakturatu zituzten, 2018an baino % 2 gehiago. Gainerako kooperatiba moten kasuan ez dute fakturazio daturik ezagutzera eman.

Aurtengo helburuak

2020 ekitaldira begira ere, hainbat helburu zehaztu dituzte, tartean kooperatiben enpleguari eusteko, "apustu argi eta tinkoa": "Badakigu COVID-19aren eragin nagusietako bat sare ekonomikoan nabarituko dela. Hala ere, euskal kooperatibismoak lanean jarraituko du enplegu kopuruari eusteko. Era berean, helburutzat finkatu dute 70 kooperatiba gehiago sartzea Konfederazioan eta, beraz, 1.300 enpresatik gorako ordezkaritza lortzea.

Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza-programa berezia eskatu diotela ere azaldu dute, baita kooperatibak finkatzeko laguntza-programa bat. Nekazaritzako elikagaien alorreko kooperatiben zuzendaritza-organoetan gazteak eta emakumeak sartzeko nahia ere azpimarratu dute, baita Euskal Kooperatibismoa Lanbideren Administrazio Kontseiluan ordezkatuta egon dadin lortzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak