Kontrolen eta zaintza-lanen bidez bermatu nahi da betetzen direla alarma-egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu eta jarduera murrizketak. Une honetan hondartzak eta aire zabaleko bestelako aisialdiko guneak etxe berean bizi diren pertsonekin paseatzeko edo kirola bakarka egiteko bakarrik erabili ahal dira. Leku horietan ezin da etzanda egon eta ezin da jende asko elkartu. Hondartza batzuetan hauteman da ez direla arauak betetzen, eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek, disuasio-neurriak hartuko dituzte halako portaerak eragozteko, eta abisuak emateaz gainera isunak ere jarri ahal izango dituzte. Arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izango da eta kasu larrietan hortik gorakoa.
Bigarren etxebizitzak
Bestalde, norbera bizi den lurraldetik kanpoko bigarren etxebizitzetara joan ezin dela bermatzeko, kontrolak ipiniko ditu Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat lekutan. Deskonfinamenduaren une honetan joan daiteke bigarren etxebizitzara baldin eta norberaren ohiko bizilekua dagoen lurralde historikoan badago. Hori ziurtatzek, bidaiatzen duten pertsonei desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango zaie.
Maskarak, derrigor
Gaurtik, maiatzak 21, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa den honetan, erabilera hori kontrolatzeko polizia-jarduketa, hasiera batean, informazioa ematera eta prebentzio-lana egitera mugatuko da. Musukoak erabili behar dira aire zabalean eta erabilera publikokoak diren edo jendearentzat irekita dauden leku itxietan, baldin eta pertsonen artean bi metroko segurtasun-tartea utzi ezin bada.