Normalitate berri baterantz jotzeko aukera dagoela orain uste du Kontseiluak, "elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik". Baita hizkuntza auziei dagokionez ere. Hain zuzen horri erantzuteko jarri du abian Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz kanpaina, euskararen normalizazioak "bestelako gizarte normalizazio bat" bultzatu dezakeelakoan. Eta helarazi gura duen mezua horixe da: "Euskara ardatz duen gizarte bat, gizarte berdinzale eta demokratikoago bat".
Bost arrazoi
Kontseiluak bost arrazoi eman ditu "euskaratik eraikitzeko geroa". Uste du herritarrak elkartzen eta saretzen dituela euskarak; gutxitutako talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna dela eta hortik abiatuta elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen duela. Horregatik, herritarren eskubide guztiak bermatzeko oinarria dela dio, eta ondorioz, gizarte berdizale eta demokratiko baterako zutarria.
Zergatik geroa euskaratik?
Herritarrei eta bestelako eragileei ere dei egiten die Kontseiluak kanpaina honetan parte har dezaten: "Norbere esparru eta esperientziatik, geroa euskaratik zergatik eraiki behar den azaltzeko aukera izango dute". Eta honako galdera erantzutera gonbidatu dituzte: "Zergatik geroa euskaratik?"
Kontseiluko bazkideek –Topagunea, Emun, AEK, Ikastolen Elkartea, Elhuyar....– erantzungo diote lehenengo galdera horri bideo laburren bitartez. Eta aurpegi ezagunek ere parte hartuko dutela kanpainan eman dute aditzera.
Herritarrak eta bestelako erakundeak ere horretara gonbidatu ditu Kontseiluak; galderari erantzun eta bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan partekatzera. Mezu horietan #geroaeuskaratik traola agertzea eta Kontseilua etiketatzea eskatu dute.