Eusko Jaurlaritzak bere proposamena bidali zion atzo Osasun Ministerioari, hain zuzen ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak deskonfinamenduaren bigarren fasera igarotzeko "baldintza guztiak" betetzen dituztela iritzita. Eusko Jaurlaritzaren ustez, "egoera epidemiologikoa eta asistentziala ona da, zaintza eta kontrol neurriak hartzen ari dira" eta, horregatik egin dute fasez aurrera egiteko proposamena.
"Europako batez bestekoaren gainetik"
Erabakia hartzerako orduan, EAEk arlo epidemiologikoan eta asistentzian duen "gaitasun garrantzitsua" azpimarratu du Nekane Murga sailburuak: "10.000 biztanleko 2,8 ZIU oheko tasa eta 38,9 ospitaleratze-oheko tasa du; milioi biztanleko 73.900 PCR test baino gehiago egin dira, eta horrek Euskadi Europako batez bestekoaren gainetik kokatzen du".
Bigarren faserako proposamenak
Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez Eusko Jaurlaritzak helarazi dizkio Espainiako Gobernuari datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, hasiko den 2. faserako egokiak iruditzen zaizkion ezaugarriak. Gogorarazi dute proposamenak direla eta hortaz, ez dutela jaso Espainiako Gobernuaren erantzunik.
- Maskarak: Gune itxi guztietan eta 2 metroko distantzia gorde ezin den lekuetan maskarak erabiltzeko gomendatzea. (Merkataritza-guneak, dendak,…)
- Kultura- eta aisialdi-jarduerak:
- Espazio itxietan, edukiera % 50ekoa izango da: museoak, kultur etxeak, antzokiak, zinemak, etab.
- Espazio irekietan, 500 lagunentzako edukiera izango da gehienez ere; publikoa eserita egongo da, eta distantziak zein gainerako segurtasun-neurriak bermatuko dira.
- Kultura jarduerak ekainaren 1etik aurrera hasiko dira programatzen
- Ostalaritzan eta jatetxeetan: % 50eko edukiera barrualdean, eta terrazetan mahaien edo mahi multzoen artean 2 metroko distantzia bermatzea. Zerbitzua, beti, eserita.
- Denda eta merkataritza-gunetan: % 50eko edukiera, maskara erabiltzea gomendatuz.
- Turismoa: Turismo aktiboa eta natura-turismoa (mendi-ibiliak), enpresa bitartekari bat erabiltzeko obligaziorik gabe zabaltzea.
- Bilera pribatuak: Etxebizitza pribatutan eta espazio pribatuetan bilerak egitea.
- Hezkuntza: maiatzaren 25etik aurrera hezkuntza-jarduera presentziala hastea:
- DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako, eta Lanbide Heziketako gradu guztietako 1. eta 2. mailetako ikasleen hezkuntza-jarduera presentziala.
- Egoitzak: Zentro soziosanitariotan bizi diren pertsonak bisitatzen uztea. Pertsona eta egun bakoitzeko bisita bat, gutxienez, bermatzeko gomendatzea, baina egoera baloratuz, eta pertsona bakoitzaren beharrak eta zentroko egoiliar guztien segurtasuna lehenetsiz.
- Azoka-esparruak eta antzekoak: urruntze sozialeko neurriak errespetatuz sartzeko probak eta azterketak egiteko zabaltzea.
- Hezkuntza pribatua: adibidez, Euskaltegiak, hizkuntza-eskolak, antzeko beste formakuntza batzuk. Ikastegietako ikasgelatan edukiera mugatuarekin, urruntze sozialeko neurriekin eta higiene-neurriekin jarduerara itzultzeko aukera. Euskara-mailak frogatzeko azterketak egitea (HABE).