Gipuzkoako foru bozeramaile den Eider Mendozak arratsaldean emandako datuen arabera, COVID-19 gaitzak ez du heriotzarik eragin azken orduetan Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Mendozak gaineratu du kasu positibo berririk ere ez dutela atzeman. Alta, berriz, beste hiru egoiliarrek jaso dute: Aretxabaletako GSR egoitzako bik eta Arrasateko Iturbideko batek. Hortaz, Debagoieneko egoitzetako datuak honako hauek dira:
- Arrasateko Iturbide egoitzan pertsona bakarrak du koronabirusa, 26 hil dira eta 54 sendatu.
- GSR Debagoienan 24 pertsonak dute koronabirusa, 6 hil dira eta beste 8 sendatu.
- Eskoriatzako Jose Aranan bi positibo egon dira orain artean, eta biak sendatu dira.
Mendozak Gipuzkoako egoitzetako datuak ere eman ditu: Guztira, 367 egoiliarrek gainditu dute jada gaixotasuna, egoitzetan gaitza jasan duten guztien %65,3; 167 zendu dira, positibo emandakoen %29,7; eta 28 lagunek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute, hau da, %5. Azken horiek Gipuzkoako lau egoitzatan daude. Gipuzkoako egoitzen sarea 65 zentrok osatzen dute.