'Berrindartu eta jauzi' dokumentua zabaltzea erabaki du Euskaltzaleen Topaguneko Topalabe taldeak. Bertan, euskararen biziberritze prozesua "berrikusi eta berrikasi" ondoren, "berrindartzeko eta jauzi egiteko" sortu diren aukeren analisia eta estrategia proposamena egin dute: "Dokumentu hau da euskaltzaletasunaren azken hamarkaden irakurketa kritiko bat, etorkizuna begi berriz ikusteko helburuarekin egina. Eztabaida zintzoa suspertu nahi luke egin dugunaz, eskarmentu horrekin hobeto ekin diezaiogun egiteko dugunari".
Euskararen aldeko mugimenduetan egin diren ahaleginak jasotzeko lana egin dute Topalabe taldekoek, eta etorkizuneko erronketan ere jarri dute arreta. Orain arte, "euskararen mesedetan" egin direnak kontuan hartu eta horretan jarraitzeko eta sakontzeko gakoak bildu dituztela azaldu dute; baina horrez gain, euskararen aldeko mugimenduei kalte egin dizkioten "okerrak" ere identifikatu dituzte, horiek zuzendu eta etorkizunean saihesteko.
Bestetik, txostena euskaltzale guztientzako dela azaldu dute taldekideek, eta erabilgarria izango dela uste dute, herriz herri eta auzoz auzo "bere alea" jartzen ari diren euskaltzale boluntarioentzat: "Euskalgintzako eragile eta teknikariei ere baliagarria izango zaie, bai maila diskurtsiboan eta bai metodologikoan, eta gure asmoa ere bada txostena akuilu gertatzea arduradun politiko-instituzionalentzat, euskarak behar duen jauzi hori emango badu erabakiak hartu eta estrategiak martxan jarri beharko baitira".
Ez da txosten "osatua"
Taldekieek adierazi dutenez, 'Berrindartu eta jauzi' ez da txosten "osatu eta orokor" bat: "Ez da hizkuntza normalizaziorako prozesu orokorra jorratu nahiko lukeen proposamen bat, baizik eta fase berri honetan aurrera eraman beharreko estrategiaren lehentasunak non dauden definitu nahiko lukeen txostena". Eztabaida sustatzea bilatzen dute egileek, eta baita euskaltzaleen mugimendu barruko gogoetaren "sua hauspotzea" ere. Horri jarraiki, herrietako euskaltzaleak aktibatzea "zeregin garrantzitsua" izango dela uste dute, 2020ko Euskaraldiarekin Euskaltzaleen Topaguneak ekarpena egin dezan.