Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken 24 orduetan 3.304 proba egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan: 2.859 PCR eta 2.417 test azkar. Horietatik guztietatik 158 positibo berri hauteman dituzte; 15 PCR bidez eta 143 test serologiko edo azkarrekin. Nafarroan, bestalde, 101 kasu baieztatu dituzte, bi eratako probak gehituta.
EAEren kasuan, PCR bidezko diagnostiko positiboak lurraldeka banatuz gero, 3 hauteman dituzte Araban eta 12 Bizkaian. Horrenbestez, azken 24 orduetan, ez da positiborik atzeman Gipuzkoan. Test azkarrei dagokienez, ordea, Osasun Sailak aditzera eman duenez, 158 positibo atzeman dituzte, baina ez dute zehaztu zein lurraldetan edota zein herritan hauteman diren kasuok edota zenbatekoak izan diren lurraldekako kopuruak.
Heriotzak 3 izan dira Hego Euskal Herrian, hirurak EAEn, baina Osasun Sailak ez du zehaztu horien jatorrizko lurraldea edota herria.
Datu orokorrak, egonkor
Hego Euskal Herriko datu orokor metatuei erreparatuz, orain arte 27.073 lagun kutsatu dira. Horietatik 481 ospitaleratu dituzte, 1.969 hil egin dira eta 19.911 sendatuta daude dagoeneko. Bestalde, EAEko datuak ehunekotan aztertuta, orain arte Koronabirusa izan duten lagunetatik %86,7 sendatu dira, %5,5ek gaixo jarraitzen dute eta %7,8 hil egin dira.
Nekane Murga sailburuaren hitzetan egoera "egonkor mantentzen" ari da, baina oraindik beharrezkoa da tentuz jokatzea.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.